Haur eta nagusientzako jaialdia Txagorritxun, jaietarako motorrak berotzen hasteko
Martxoaren 18an, larunbata, Txagorritxu auzoan ume, gazte eta helduentzako jaialdia antolatu dute bizilagunek. Jaialdia, auzoko ikastolekin, guraso elkartearekin, Bizanekin, tabernekin eta gazteekin antolatu dute elkarrekintzan, auzotarren arteko “harremanak sendotze aldera”.
Egun horrek, gainera, auzoa “berpizten” eta “jaietarako motorrak berotzen” hasteko balio dezala nahi du jai batzordeak.
Jaialdia goizeko 10:30etan hasiko da Abendaño ikastolan. Ordu horretan umeentzako ekintza egingo da: Clown tailerra. Jarraian, 11:45etan, jolas txokoak egingo dira Abendañon: igela, gantxillo tailerra, billar holandesa, elikagaiak eta marrazkiak eta saskibaloia.
Gero, 13:00etan, txaranga batekin Abendaño ikastolatik, Txagorritxuko Bizanetik eta Luis Doraotik pasako dira. Bitartean, Indartsun 13:30etan DJ Ixilin egongo da bazkal aurretiko poteoa girotzeko. 15:00etan bazkari autogestionatua egingo da Luis Dorao ikastolan. Bertan mokadua egongo da, baina bakoitzak bere platera ekartzea eskatu dute antolatzaileek.
Ostean, arratsaldean, auzoko tabernetatik garagardo dastaketa egongo da. 17:00etan hasiko da. Dastaketan parte hartzen duten tabernetatik ibilbide musikatu bat egingo da eta taberna bakoitzak garagardo berezi bat izango du. Hortaz, parte hartu duen jendeak dastaketaren kata orria izango du eta bertan taberna bakoitzean zein garagardo edan duen asmatzen saiatuko da. Tabernak Eva, Indartsu, Oletu eta Laberinto dira. Garagardo dastaketan parte hartzeko, kata orriak aipaturiko taberna bakoitzean eta bazkarian eskuragarri egongo dira.
Amaitzeko, Laberinto tabernan, musika jarriko dute gauean, 23:00etatik aurrera. Garagardo dastaketaren irabazlearen zozketa bertan egingo da gaueko 23:30etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!