Hala Bedi irratiak parrilla berria aurkeztuko du abenduaren 21ean
2024/25 ikasturteko parrilla aurkeztuko du Hala Bedi irratiak larunbatean, abenduak 21. Hala Bedi tabernan zuzeneko emisio berezia egingo dute irratiko kideek irratsaio berriak aurkezteko, eta 13:00etan egingo da programazioaren aurkezpena.
Urtero bezala, programazio berria du Hala Bedi irratiak, eta jendaurrean aurkeztuko du larunbat honetan, abenduaren 21ean. Aurten 4 irratsaio berri emitituko ditu Hala Bedik. Guztira 26 saio propio ekoitziko ditu irratiak. Horietako 6 kultura arlokoak dira, 12 musikari buruzkoak eta 8 gizarte gaiei buruzkoak. 11 irratsaio egingo dira euskaraz eta 15 gaztelaniaz.
Horretaz gain, magazinak emititzen jarraituko du irratiak orain arte bezala: Hizpidea goizeko 8:00etatik 10:00etara, eta Suelta La Olla 10:00etatik 12:00etara bitartean.
Hauek dira ikasturte berriarekin hasiko diren saioak:
- Arrapataka
- Dibulgazioa helburu hartuta, elkarren artean batere loturarik ez duten askotariko gaiak landuko dira, Uxue Perez eta Xabat Mujika lehengusuen eskutik. Bitxikeriak gustuko badituzu hau da zure saioa.
- Kafe Procope
- Musika ardatz hartuta, hau inguratzen duten gai anitzetaz diskriminaziorik gabe solasean aritzeko tartea.
- Obaba
- Obaba aktualitatea lantzen duen programa bat da. Informazioa da gure helburua, eta horretarako astero aditu bat edukiko dugu gurekin haren ikerketa esparruari buruz luze hitz egiteko. Betiere kritikotasuna lanabes eta egia bidelagun. Entzun dezagun elkar.
- Radio Rebelde
- Análisis informativo de la actualidad semanal del estado español y la Geopolítica de Europa, América, Asia- Pacífico y África.
Aipatutako irratsaio hauek guztiak Hala Bediren kate elebidunean izango dira entzungai, Hala Bedi Bat-en (107.4 FM Gasteiz eta Lautadan / 107.7 FM Arabar-Errioxan).
Hala Bedi tabernan jendaurreko aurkezpena
Ikasturteko programazioa aurkezteko, larunbat goizean elkartuko dira Hala Bedi irratiko kideak, izen bereko tabernan, Gasteizko Alde Zaharrean. Goizeko 11.00etan hasiko dira zuzeneko berezia emititzen irratsaio berriak aurkezteko. Ondoren, eguerdian, programazioaren kartela inauguratuko da tabernan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!