Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak): “Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin”
Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.
Martxoaren 1ean hasi zen Euskal Udalekuetan izen emateko epea. Apirilaren 15ean argitaratuko dira hautatuen zerrendak, baina betetzen ez diren txandak zabalik mantenduko dira abuztura arte. Hala ere “azkar betetzen direla” jakinarazi digute Haizea eta Mikelsa Euskal Udalekuetako hezitzaileek, beraz “ahalik eta lasterren” izen ematea komeni da interesa izan ezkero.
Prozesua erreza da, webgunean eskuragarri dagoen formulario bat bete eta bidali beharra dago. Bertan eskatzen duten informazioa “ez da adinera eta izenera mugatzen,” hezitzaileentzat baliagarria izan daitekeen beste datu batzuk hartzen dituzte kontuan, adibidez haur eta gazteen “hutsuneak”, eta sentimenduen kudeaketari buruzko datuak ere jasotzen dute.
Adinka banatutako hamaika txanda daude guztira, eta bat baino gehiagotan eman dezakete izena gaztetxoek. Goñin, Abaigarren edo Bernedon egiten da txanda bakoitza. Gazteenen txandetan 6-7 urteko haurrak daude, eta nagusienenetan 17 urteko gazteak.
Udalekuak “urte osoan zehar daude zabalik,” baina ez publikoarentzat. Autogestioan oinarritutako proiektua izanda, antolakuntza prozesu luzea dator uda aurretik: etxeak prestatu eta txukundu, formakuntzak egin. Udalekua osatzen dutenen artean sukaldariak, begiraleak eta miloak daude, etxearen mantentze lana egiten dituzte azken hauek. Sukaldari, milo zein begirale denak dira hezitzaileak. Udalekuan rol aldaketa interesgarria dela esan dute Euskal Udalekuetako kideek, “ikustea modu ezberdinetan eragin dezakegula haur edo gazteengan.”
Euskal Udalekutako oinarrian dauden balioak euskara, feminismoa, natura eta auzolana dira. Lan militantearen balioak ere transmititu nahi dizkiete haur eta gazteei. Etengabe aldatuz doaz balioak, formakuntza berriak egiten dituzte mementuko beharrei erantzuteko. Gero eta erreakzionarioagoa den errealitate horren kontra egiteko prestatzen ari dira hezitzaileak. “Datorren jendeak badaki nora datorren, nahiko argi geratzen da zein den gure marko ideologikoa,” urte hauetan beraz ez dute “aldaketa nabaririk” sumatu, baina ahalik eta prestatuen egongo direla diote.
Euskal Udalekuetan teknologia modernoetatik at daude 15 egunez. “Gutunak idazteko aukera ematen dugu,” mugikorrik gabeko mundu hori “romantizatzeko.”
Aspertzearen alde egiten dute apustu, hainbeste estimuluren artean “gaur egungo haurrek” ez dakitela aspertzen adierazi dute.
Herriekin dagoen harremana positiboki baloratzen dute. Bernedon adibidez 50. urteurrena ospatuko dute aurtengo udan eta herritarrak prest daude antolakuntzan laguntzeko.
“Euskal gizartearekin batera” aldatu den proiektua da Euskal Udalekuena. “Historiari lekua ematen diogu baina baita aldaketari ere. Lan militante handia da, proiektuan sinisten dugulako egiten dugu” hala adierazi dute kideek, hezitzaileei ere deia egin diete proiektura batu daitezen.
Euskal Udalekuetan gazteen harremana euskararekiko oso desberdina da, ez dute hizkuntzarekin derrigortasunetik harremantzerik nahi, “euskarari arnasgune bat eman baizik, baita erdaraz bizi diren hezitzaileentzat ere. “Zaila izaten da nerabezaroan batez ere, adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin.”
Hezitzaileen genero disidentziaren garrantzia ere azpimarratu dute “eredu euskaldun eta anitza” izan nahi dute haur eta gazteentzat.
Elkarrizketa osoa hemen entzungai:
-
Hizpidea: Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak): "Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin"00:36:01
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!