Greba mugagabeari ekin diote gaur Elecnorreko langileek
Lan baldintzak hobetze aldera zuzendaritzak erakutsi duen pasibitatearen aurrean Elecnorreko langileek greba mugagabea abiatu dute gaur.
Iragan azaroaren 22an iragarri bezala greba mugagabea abiatu dute Elecnor telecomunicaciones enpresako langileek gaur. Aurretik bost greba egun burutu dituzte dagoeneko, zuzendaritzak, ordea, ez du lan baldintzen hobekuntzaz negoziatzeko borondaterik erakutsi.
LAB eta ELA sindikatuek positiboki baloratu dute greba mugagabearen lehenengo egun hau, Instalazio eta Mantentze ataleko langileen %100 atera da grebara, beste hainbat ataletan ere langile askok egin dute bat deiladiarekin. langileek bi elkarretaratze burutu dituzte, enpresaren instalazioen aurrean lehenengoa eta General Loma kaleko Telefonica dendaren aurrean bigarrena. Elecnor Telecomunicaciones Telefonicarentzako soilik lan egiten duen azpi-kontrata bat da.
Negoziatzera esertzetik urrun, langileei greba egin ez zezaten idazki bat eman die eskura zuzendaritzak. Duela astebete greba erregistratu zenetik egin duen mugimendu bakarra da hau.
Enpresak arazo ekonomikoak argudiatzen ditu langileen egoera ez hobetzeko, sindikatuek, ordea, enpresak 2018an 28 milioi euroko irabaziak banatu zituela azpimarratu dute. Hainbat hedabidek argitara atera dute Elecnorrek %1,5 igo duela fakturazioa azken urtean, «enpresak langileon baldintzak duintzeko dueborondate falta agerian utziz».
Greba mugagabearen baitan mobilizazioekin jarraituko dute hurrengo egunetan. Gabonetako sasioia aprobetxatuz Telefonicako azpikontraten egoeraren berri emango diete bezeroei eta Plaza Berriko gabonetako merkatuan elkarretaratze intentsiboa burutuko dute Abenduaren 19an. Abenduaren 20rako Elecnorrek Bilbon duen egoitza zentralera hurbiltzea aurreikusten dute, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko ELA, LAB eta ESK sindikatuen langile-ordezkarien babesarekin batera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!