Greba mugagabea hasiko dute hiri hondakin solidoen plantako langileek
Ferrovialek eta FCCk osatzen dute Arabako hiri hondakinen Jundizko planta kudeatzen duen aldi baterako enpresa elkartea.
Hamabi urte daramatzate Biocompost enpresako langileek Jundizko hiri hondakin solidoen planta kudeatzen. Aurten jakin dute enpresak ez dituela plantaren ustiaketarako lehiaketan eskainitako lan-baldintzak bete. Hala ere, esleipen kontratuan zehaztutako kanon ekonomikoa jaso dute Gasteizko Udaletik, hain zuzen urtean zortzi milioi euro. Gauzak horrela, bidezko lan hitzarmen baten alde greba mugagabea egitea erabaki dute langileek, abenduaren 26tik aurrera.
Aldi Baterako Enpresa Elkartea erdi bana osatzen dute Ferrovialek eta FCCk. LAB sindikatuak salatu duenez, 2006an bere jarduera hasi zuenetik, enpresak unilateralki ezarri die langileei Hondakinak Berreskuratzeko Estatu Mailako Hitzarmena, Gardelegiko zabortegiko hitzarmeneko baldintzak ezarri beharrean. Hortaz, besteak beste, urteko 188 ordu gehiago lan egin ditu langile bakoitzak, %12 gehiago.
Halaber, enpresak Udaletik jasotzen duen kanonaren %22,5a langile-gastuetara bideratu beharko lituzke, baina hamabi urte hauetan 2,5 milioi euroko murrizketa egin dute atal horretan. Hala, LABek nabarmendu duenez, langileen erdiek baino gehiagok 900 euroko soldata jasotzen dute, “zaborrekin harreman zuzena duen lan neketsu batengatik”.
Aniztasun funtzionala duten langileen enplegagarritasun ratioak, familia-baimenak, norbere kontuetarako egunak, lanpostua gordeta egindako eszedentziak, erretiroagatiko primak eta beste hainbat eskubide ere ez ari dira betetzen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!