Greba eta borroka eguna izan dute Gasteizen ere, “enpresari handien menpeko hezkuntzaren aurka”
Goizean goiz hasi da greba eguna Gasteizko hezkuntza-zentroetan eta campusean. Propagandaz josita agertu dira eskola eta fakultateak.
Pikete informatiboak egin dituzte goizean zenbait fakultate, bigarren hezkuntzako eskola eta lanbide heziketako zentrotan. Hara Ba! komunikabideak jakinarazi duenez, Ertzaintza Elurretara sartu da eta atera egin ditu sarrera blokeatzen ari ziren grebalariak.
11:30etan hasi da manifestazioa Andra Mari Zuriaren enparantzan. Dozenaka ikasleko hainbat bloke batu dira manifestazioa hasi aurretik, eskola eta fakultateetatik etorri direnak.
Enpresarien hezkuntzaren aurrean, ikasle antolakuntza aldarrikatu dute, “Ikasle langile antolatu!” eta “Gora ikasle langileon borroka!” oihuen artean.
Enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu. Ikasle langileok borrokara! lelopean mobilizatu dira ikasleak
Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago denez, gainerako zerbitzu publiko eta gizarteko arloen antzera, krisi garaiotan ziklo ekonomiko berrira egokitzen ari dira hezkuntza sistema ere, Ikasle Abertzaleaken irakurketaren arabera.
Eraldaketa prozesu horren ondorioak nabarmenak direla uste dute bigarren hezkuntzan, unibertsitatean zein lanbide heziketan.
Alde batetik, autoritarismoa arbuiatu dute: “ondorio akademikoen eta jazarpenaren bitartez ezarritako arau irrazionalak obeditzera behartzen gaituzte, kontrol sozial itogarria jasaten irakasten digute. Eta horregatik, gaurdanik, zigorraren beldurraren eta mehatxuaren aurrean”. Horren aurrean, “eskubide politikoak defendatzen dituen hezkuntza eredua” eraiki behar dela esan dute.
Enpresari handien menpeko hezkuntzak dakarren miseria salatu dute, bestetik: Ikasle langileen bizkarretara negozioa egin eta hezkuntza prozesutik kanporatzen dituzte enpresari handiek.
Horren aurrean, langile klasearen interesak lehenetsiko dituen gizarte bat eraikitzea “posible dela”, eta prozesu horretan hezkuntza sistemak “berebiziko garrantzia” duela aldarrikatu dute.
“Antolakuntza politikoa da heziketa politikorako premisa. Antolakuntza politikoa da jazarpen poliziala, errepresioa eta askatasun politikoen urraketak borrokatu eta gainditzeko baldintza. Eta bide horretan, ikasleok antolatzen eta indarrak batzen jarraituko dugu”, berretsi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!