Greba egun arrakastatsua Mercedesen, produkzioa ere etenda
Hamazortzi hilabete darama blokeatua lan hitzarmenaren negoziazioak. Ekainaren 22ko greban langile finkoen %95ak egin du bat deialdiarekin. Besteak beste, seigarren gaueko txandaren aurkako aldarrikapena entzun da mobilizazioetan.
Gasteizko Mercedes Benz lantegiko zuzendaritzak eta langile batzordeak urte eta erdi baino gehiago daramate lan hitzarmenaren negoziaketan. Tentsioa areagotu du ekainaren hasieran multinazionalak iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsioak, sindikatuak “presionatzeko” erabili duelako zuzendaritzak eta, harekin batera, instituzio publikoetako ordezkariek. Izan ere, inbertsioa lan baldintzak “malgutzen badira” egingo dutela esan dute, baina sindikatuek ez dute uste horrek blindatuko lukeenik, eta txantaia dela salatu dute. Sindikatuen artean ere bada desadostasunik. Langile batzordean ELA, LAB eta ESK daude, alde batetik; UGT eta CCOO, bestetik, eta Ekintza eta PIM norbere aldetik. Azken bi horiek ez dute grebara deitu.
Atzo, ekainaren 22an, greba eguna izan zuten Mercedesen, joan den astean iragarri bezala. Goizeko lehen txandarekin batera hasi ziren mobilizazio eta piketeak. Azken urteetako pikete jendetsuenak izan dira, sindikatuen arabera. Ia 5000 dira Mercedeseko langileak, eta finkoetako %95 batu da grebara. Seigarren txandaren aurkako izan da aldarrikapen nagusietako bat. Izan ere, egun, bost egunez egiten dute lan gaueko txandan, eta seigarren bat gehitu nahi dio jardunaldiari enpresak.
Bi bloketan dei egin dute grebara sindikatuek: ELA, LAB eta ESK; eta UGT eta CCOO. Hala ere, manifestazio bateratua egin dute bost sindikatuek goizean, Mercedesetik abiatuta. Arratsaldean, UGT eta CCOO SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean mobilizatu dira. ELA, LAB eta ESK sindikatuek manifestazioa egin dute Andra Mariaren plazatik abiatuta.
Aurrerantzean ere, bi multzotan egingo dituzte deialdiak: ELAk, LABek eta ESKk aste osoko greba deitu dute ekainaren 27tik uztailaren 1era, UGTk eta CCOOk, aldiz, ekainaren 29an.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!