Greba bertan behera uztea erabaki dute kirol jardueretako langileek
Kirol jardueretako langileek ostiralean egindako asanblada batean erabaki dute irailaren 1ean abiatutako greba mugagabea bertan behera uztea: "Horma baten aurrean aurkitu gara", deitoratu dute. through Alea.eus
Enpresa esleipendunen eta langileen ordezkarien arteko akordiorik gabe, 11 egun igaro dira kirol jardueren sektoreko langileek irailaren 1ean greba mugagabea hasi zutenetik. Ordutik, lanuzteak egin dituzte egunero, eta baita mobilizazioak ere.
Orain arte egindako greba egunen balorazioa “oso positiboa” izan da: “Jarraipena oso zabala izan da hasieratik, eta pertsona gehiago batu dira egunak igaro ahala”. Grebalarien ordezkarien arabera, udal kirol jardueraren %90 bertan behera geratu da.
“Borroka berean sektorean lan egiten duten azpisektoreak biltzea eta antolatzea lortu da, euren interesak defendatzeko determinazio eta indar goresgarria erakutsi baitute”, adierazi dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuek plazaratutako ohar batean. “Duintasuna da pertsona horiek egindakoa hobekien definitzen duen hitza”.
Gasteizko Udalak jakinarazi du udal kirol-instalazioetan normaltasuna berreskuratu dela jada, sorosle eta begirale guztiak lanean hasi ondoren.
“Horma baten aurrean aurkitu gara”
Baina “horma baten aurrean” aurkitu dira, eta, horregatik erabaki dute “haren kontrako kolpe gehiagorik ez ematea”. Gasteizko Udalari, Gorka Urtaran alkateari eta Iñaki Gurtubai Kirol zinegotziari “gatazka sortzearen eta luzatzearen zuzeneko ardura” leporatu diete.
“Publikoki salatu nahi dugu gatazkaren kudeaketan izan duen eta oraindik ere betetzen duen paper penagarria. Hartutako konpromisoak ez ditu bete, erakunde erabat iragazgaitza bihurtu da, eta, gainera, mespretxuz tratatu gaitu adierazpen guztiz klasistekin”.
“Eskaintza pobreagoa”
Langileek uste dute gatazka akordiorik gabe ixtearen ondorioz “kirol-instalazioak erabiltzen dituzten gasteiztarrek eskaintza pobreagoa dutela, eta igerilekuek ez dutela bermatzen horiek erabiltzeko moduan eta segurtasunez irekitzea eta ixtea”.
Bestalde, enpresa esleipendunek “behin eta berriz egiten duten joko biziosoa” salatu dute: “Zerbitzu publiko horiekin geratzeko asmoz, prezioak botatzen baitituzte, eta horrek ez die aukerarik ematen langileentzako gutxieneko baldintza duinak negoziatzeko”.
Kaleratutako langilea berronartuta
Gatazkaren hiru puntuetako bat bideratzea baino ez dute lortu: kaleratutako langilea berriz onartzeko konpromisoa hartu dute enpresek.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek enpresei eta Udalari jakinarazi die “etenaldi hau arnasa hartzeko eta kalera itzultzeko prestatzeko” baliatuko dutela: “Kendu digutena berreskuratzeko, kirol jardueren sektorean lan baldintza duinen aldeko borroka ez da amaitu“, ohartarazi dute.
Murrizketak
Azken 11 egunetan, langileek salatu dute kirol jardueren udal eskaintza %32 murriztu dela; Udalak, ordea, murrizketa %20koa dela ziurtatu du. Gainera, igerilekuak irekitzeko eta ixteko lanorduei dagokienez 15 minutuko murrizketa egin da, eta, horren ondorioz, lan denbora hori “dohainik” egin behar dutela ohartarazi dute.
Irailaren 15ean, langileen ordezkariek Udaleko Kirol Batzordearen txanda herrikoian parte hartuko dutela aurreikusita dago, eta, beraz, bi asteko grebaren ondoren, Gurtubai zinegotziaren aurrean azaldu ahal izango dute euren kasua.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!