Gotzone Sagarduiren bulegoa okupatu dute Lakuan, Osakidetzako garbitzaileekin elkartasunez
Lan baldintzak Osakidetzako langileenekin homologatzea eskatzen dute garbitzaileek
Gora Garbitzaileak taldeak Gotzone Sagardui Osasun Sailburuaren bulegoa okupatu dute Lakuan gaur, maiatzaren 25ean. Greban dauden Osakidetzako zentroetako garbiketa-zerbitzuko langileek eta beste sektore batzuetako langileek osatzen dute Gora Garbitzaileak kolektiboa, eta ekintza honen bidez elkartasuna adierazi diete greban dauden langileei.
Osakidetzako garbitzaile batzuek, ELA sindikatuak deituta, greban daramatzate 88 egun gaur, eta apirilaren 26az geroztik gehiengo sindikala ere batu zen greba deialdira, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek protestarekin bat eginda. Ekainaren 4a arte luzatuko da greba oraingoz, baina intersindikaletik salatu dute negoziazio mahaia “zeharo blokeatuta” dagoela.
Greba honen helburua garbitzaileen lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea da. Sindikatuek salatu dute baldintza horiek jada adostuak zituztela enpresekin eta Osakidetzarekin, baina orain Osakidetzako zuzendaritza dela langileei baldintza horiek aplikatzen ez dizkiena.
Osakidetzak, bere aldetik, esan du ez dagokiela beraiei azpikontratatutako enpresen baldintzak negoziatzea, “kontratuetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla bermatzea baizik.” Sindikatuek adierazi dute Osakidetzak ere adostu zuela hitzarmena bere garaian, eta bere ardura dela hitzarmena betearaztea enpresei.
Atzo, maiatzaren 24ean, elkarretaratzea egin zuten Osakidetzako garbitzaileek Legebiltzarraren aurrean, eta gaur Gora Garbitzaileak taldeak Sagarduiren bulegoa okupatu du Lakuan “Osakidetzako zuzendaritzak interesik agertzen ez duela ikusita”. Zuzendaritzaren erantzun faltaren aurrean, “erakunde horretako arduradun politiko gorenarengana jotzea” erabaki dute, Sagarduiren jarrera salatzeko ekintza honen bidez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!