“Giltzak prest daude; hartu nahi dituzuen ala ez zain gaude”
Gasteiz Antzokiak aurrera egingo duela ziurtatu du Maria Nanclares Euskara zinegotziak; aldiz, Lazarragak ordaindu beharreko zorraren inguruko alternatibarik ez du proposatu. through Alea.eus
“Hiri proiektu bat da eta, beraz, gauzatuko da; ez izan zalantzarik txikiena ere”, azpimarratu du Maria Nanclares Euskara zinegotziak, Gasteiz Antzokiaren harira Udaleko Euskara Batzordean eginiko agerraldian. Ez du argitu, ordea, Lazarraga kultur elkartearekin izango ote den hori, eraikina itxita egotearen ondorioz sortutako zorrak “itota” utzi baitu elkartea.
Hasieratik “berme guztiekin” aurrera egiteko lanean izan dela ziurtatu du Nanclaresek, eta dagoeneko berme horiek guztiak bete direla, “ekipazio teknikoa gorabehera”. Hala, Izaskun Arrue Kulturgunea “berehala” irekitzeko prest dagoela berretsi die Lazarragako kideei batzordean: “Giltzak prest daude; hartu nahi dituzuen ala ez zain gaude. Ez izan zalantzarik proiektua gauzatuko dela”. Lazarragak 2024ko hitzarmena sinatutakoan Gasteiz Antzokia irekiko dela agindu die.
Era berean, udal gobernuak “legea urratzeko” asmorik ez duela esan du zinegotziak, eta, beraz, kontu-hartzaileak aurkeztutako txostena “zorrotz” beteko dela. “Argi dago Lazarragak diru bat jaso zuela %100ean bete ez zuen lan batengatik; kontuz, ez diot nik hori, kontu-hartzaileak baizik, organo independente batek”. Eta gogoratu du dirua itzultzea ez dela “salbuespena”, proiektu guztiak gauzatzen ez dituzten erakunde eta kolektiboekin maiz gertatzen dela. “Guk berdin jokatzen dugu erakunde guztiekin; ez dago lehen mailakorik”.
“Elkartea itota”
Lazarraga kultur elkarteko kideek, bere aldetik, “mirari bat” gertatu ezean, egitasmoaren amaiera dela azpimarratu dute, Gasteizko Udalak konpromisoak bete ez dituelako: “2023 urte osoan ez zen lizentzia iritsi. Ez zen lortu kulturgunea irekitzea. Eta oraindik itxita jarraitzen du”, azaldu du elkarteko kide Amaia Kerexetak. “Hortik eratortzen dira gaur egun elkarteak dituen kalte guztiak. Udalak onartu zuen plan operatiboan hainbat diru sarrera bermatzen ziren: ekitaldietarako sarreren salmenta, izen-emateak, tabernaren esleitzea, hitzarmenak… eta horiek ez dira jaso”. 79.200 euro guztira, elkarteak zehaztu duenez. Haren arabera, “Udalaren erruagatik” lortu ez dituen baliabide ekonomikoen ordainetan, elkarteak “konpentsazio bat” jaso beharko luke.
Hala, Gasteizko Udalari fakturetan justifikatutakoa baino 60.000 euro gehiago itzuli beharko dizkiola gogoratu dute Lazarraga elkartetik, aurreikusitako sarrerak baino 80.000 euro gutxiago jasota, eta elkarteak aurreikusitako gastuetan ia 130.000 euro gutxiago gastatu baditu ere. Eta horri aurre egiteko “funtsik ez” duela gogoratu du. “Elkarteak ezin dio dirutza horri aurre egin; nahita ere ezingo luke ordaindu”.
2024ko hitzarmenari dagokionez, berriz, iazko hitzarmenaren baldintzak “okertzen” dituela aipatu dute elkartekideek, besteak beste, “elkarteari betebehar gehiago eskatu eta proiektua kudeatzeko autonomia gutxitzera datozen klausulak” dakartzalako. “Honenbestez, eskaintzen den hitzarmena ez da egoera honen irtenbidea”.
Kerexetak gogoratu du elkarteak urteak daramatzala aurreikuspenak egiten eta egoera berriei egokitzen. “Etor litekeena aurreratzen, gobernu aldaketei eusten, eskatutakoa ematen… eta jasotakoa onartzen, ona izan, edo txarra izan”. Bi aldeen artean “elkarlanean eta konfiantzan” egin beharreko proiektua dela esan du, baina Udaletik ez dutela halako erantzunik jaso. “Udalak nahiago izan du elkartea ito, eta lortu du”. Pausoak “ezinbestean legalki eta seguru” egitearekin batera, “borondatea ere ezinbestekoa” dela azpimarratu dute elkartetik. “Eta borondatea ekintzetan erakutsi behar da. Hori gabe kulturgune hau kutxa huts bat baino ez da izango”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!