Gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak
Calvo hil eta ordu batzuetara, abuztuaren 20ko goizean, heriotzaren gauean berarekin kontaktua izan zuten zortzi ertzainek deklaratu zuten gertatutakoaz, komisarian bertan. Bigarren aldiz hartu zieten deklarazioa abuztuaren 23 eta 24 artean. ARGIAk deklarazio horiek eskuratu ditu, eta Calvoren autopsia forentsearekin alderatu ditu. Ondorioa argia da: ertzainen kontakizunak bateraezinak dira Calvoren gorpuak zituen biolentzia eta gas arrastoekin. Ondorio berera heldu da ARGIAk eskatuta dokumentuak aztertu dituen forentsea ere. Segurtasun Sailaren bertsio ofizialak ertzain horien kontakizuna bere egin zuen, eta ertzainek deklaratu ez zuten daturen bat ere eman zuen. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga
4:00ak aldera hasi zen Calvoren heriotza ekarriko zuen liskarra. Honakoa litzateke kontakizun orokorra zortzi ertzainen deklarazioa aintzat hartuta: Calvok komunera ateratzea eskatu zuen; komunean ukabilkada eman zion ondoan zituen hiru ertzainetako bati; bi ertzain bera menderatzen saiatu eta ezin zutela ikusita, hirugarrenak gasa bota zion Calvori; ertzainak kalabozoetatik irten ziren gasaren eraginari ezin eutsirik, ateak itxi eta Calvo barruan utzi zuten; zaratek ohartarazita ertzain gehiago heldu ziren, baina jarraian alde egiten zuten gasagatik; Calvori gasak ez zion eragiten, ateetako bat txikitu eta kalabozoetatik irten zen; ertzainek ihes egin zuten kalera ematen zuen hurrengo ateraino eta trankatu egin zuten; hura ere txikitu eta kalera irten zen Calvo; zortzi ertzainen artean ezin izan zuten menderatu hainbat minututan, baina azkenean lortu eta esku-hankak lotu zizkioten; Calvo lasaitu egin zen, segundo gutxira konortea galdu eta ohartu ziren pultsurik ez zuela; anbulantziari deitu eta Santiago ospitaleko larrialdietara eraman zuten.
Kontraesan ugari ditu kontakizun horrek, ordea. Jarraian nagusiak aztertuko ditugu, txikiagoak alde batera utzita.
Gas hiltzailea
Autopsiaren arabera, Ertzaintzaren gas negar-eragileak sortu zion biriketako edemak hil zuen Calvo. Aldiz, zortzi ertzainetatik bakarrak –9469 agenteak– onartu zuen gasa bota izana, “bi aldiz” eta bakoitzean espraia “segundo batez” sakatuta. Nekez hilko du gas kantitate horrek pertsona bat. Bota zuen gasa beste inork?
Bi ertzainen arabera, Calvok berak 9469 agentearen espraia eskuratu eta bota zuen. 10545 agenteak deklaratu zuen Calvok berari bota ziola gasa besoan: nabaritu zuen baina ez ikusi, kalabozoetan ez omen zegoelako argirik; gainontzeko ertzainek deklaratu zuten, ordea, kalabozoetan argia zegoela. 2139 agenteak ere deklaratu zuen Calvok gasa bota zuela: ikusi ez baina “entzun” zuen, atearen bestaldetik. Gainontzeko sei ertzainek deklaratu zuten, aldiz, ez zutela ikusi Calvo espraia eskuan, ez gasa botatzen. Ezta airearen zirrikitutik eta ateetako baten behatxulotik Calvoren mugimenduak jarraitu zituzten 1165 eta 1289 agenteek ere.
“Zalantzarik gabe, polizien kontakizuna, oro har eta xehetasunetan, ez dator bat errealitatearekin” (ARGIA-k kontsultatu duen forentsea)”
Beraz, 9469 agenteaz gain, bota ote zuen gasa beste ertzainen batek? Ez dago jakiterik: kasuaren ikerketaz arduratu ziren ertzainek ez zituzten ikertu gainontzeko zazpi agenteen espraiak, erabiliak izan ziren argitzeko. Hori onartu zuten epaiketan, eta familiaren abokatu Txema Monterok zein TATek ikerketaren “hutsune nabarmenak” kritikatu zituzten.
Ertzain denek deklaratu zuten segundo gutxira irten behar izan zutela liskarraren eremutik gasari ezin eutsirik, kideak arriskuan utzita ere, eta, aldiz, Calvok ez zuela eraginik sumatu eraikinaren barruan gutxienez 15-20 minutu eman bazituen ere.
Azkenik, pultsurik ez zuela ohartzean ahoz-ahokoa egin omen zion 2139 agenteak, eta masajea 10545ak. Bietako bakar batek ere ez zuen aipatu ondoriorik, nahiz eta geroago anbulantziako zein larrialdietako osasun langileek maskarak jarri behar izan zituzten Calvo artatzeko, ahotik botatzen zuen gasak eragin zien goragale, zorabio edo fotofobiagatik.
Eskumuturrak
Ertzainen kontakizunaren arabera, kalabozoetan Calvo lotu gabe egon zen, segundo batzuk salbu: liskarraren amaieran menderatzea lortu zutenean jarri zizkioten eskuburdinak, baina orduantxe galdu zuen pultsua eta berriz askatu zuten. Ordea, autopsiak zein larrialdietako txostenek arrasto sakonak deskribatzen dituzte gorpuaren eskumuturretan. ARGIAk eskatuta txostenak zein ertzainen deklarazioak aztertu dituen forentsearen esanetan, ezinezkoa da jakitea zenbat denboraz egon zen Calvo lotuta, baina “ez da sinesgarria segundo batzuetako kontua” izatea. Epaiketan, forentseek esan zuten eskumuturrak material bigunen batekin lotu zizkiotela Calvori, ez eskuburdinekin. Patxi Bezares erizainak dio eskumuturretan kalamu-sokaren arrastoak zituela Calvok, gorputegian ikusi zuenean. Calvo “txerritxo baten moduan lotuta” ikusi zuela kontatu zion lekuko zuzen batek bere abokatuari, azken honek epaiketan deklaratu zuenez.
Kolpeak
Zortzi ertzainetik bik –10545 eta 1289– onartu zuten deklarazioan Calvo borrarekin kolpatu izana, “behin”. Zenbait borrakada eman izana aitortzen duen agente bakarra 1289a da, beti ere liskarraren testuinguruan. Autopsiak gutxienez 47 borrakada kolperen arrastoak deskribatu zituen, hamarnaka hematoma eta urratutako azal zatiez gain. Autopsiak deskribatzen dituen barrabiletako “hematoma handien” edo buruko bi ebakien (bat oso sakona) zergatiez ere azalpenik ez.
Forentsea
Ertzainek deklarazio horiei eutsi zieten oro har epaiketan ere, eta ez zieten erantzun akusazioen galderei.
Urte askotako esperientzia duen forentse bati ertzainen deklarazioak eta autopsiaren emaitza alderatzeko eskatu dio ARGIAk: “Zalantzarik gabe, polizien kontakizuna, oro har eta xehetasunetan, ez dator bat errealitatearekin. Gorpuaren arrasto traumatikoek kontraesanean jartzen dute, eta gasaren ondoriozko heriotzak ere bai”.
Segurtasun Sailaren babesa
Segurtasun Sailak heriotzaren lehen bertsioa eman zuenerako ertzainek deklarazioak eginak zituzten. “Atxilotuak konortea galdu zuen nerbio-krisi bortitz bat izan eta lagundu nahi zioten ertzainei eraso egin ostean”. Ez gasik, ez kolperik. Abuztuaren 23an bigarren bertsioa eman zuen sailak, gorpuaren egoeraz eta gasaren presentziaz argitaratzen ari ziren albisteek behartuta: Calvo menderatzeko gasa eta borrak erabili ‘beharra’ egon zela onartu zuen sailak.
Juan Mari Atutxak gidatzen zuen Segurtasun Saila Calvoren irudi arriskutsu eta biolentoa ematen saiatu zen. Lehen bertsioa ematean, nabarmendu zuen ertzain bati arma lapurtzen saiatu zela kalabozoetan, eta bigarrengoan, atxiloketa unean ere gauza bera egin zuela: atxiloketa uneko ertzainen deklarazioetan ez da horrelakorik jasotzen. Gas gehiena Calvok berak bota zuenaren bertsioa erosi zien bi ertzainei, beste seien deklarazioak kontrakoa iradoki arren. Nabarmendu zuen ere Calvo hiru aldiz egona zela psikiatrikoetan ingresaturik, “izaera biolentoko eskizofrenia paranoidea” diagnostikatuta. Bere anaiak eta bizilagunek hedabideetan izaera biolentorik ukatu zuten, eta forentse eta psikiatra banak ARGIAri ziurtatu diotenez, “izaera biolentoko” eskizofrenia ez da existitzen diagnostiko kliniko gisa.
Polizia eredua
“Lehen, gure polizia eredua aldatzeko arriskua kanpotik zetorren [zipaio esaten zuten horiengandik]. Orain etxe barruan daukagu eta argi ibili behar gara, gure polizia eredua mantendu nahi badugu”. Horrela mintzatu da 2023an Ertzaintzaren buru Josu Bujanda, Jaurlaritzaren eta ertzainen artean piztu diren enfrentamendu larrien aurrean.
Ez zen egon barkamen eskaerarik edo azalpenik familiari, ez ertzainen kaleratzerik, edo dimisiorik arduradun politikoen aldetik. Are gutxiago, polizia ereduaren berrikuspenik.
30 urte direla, arazoa soilik “kanpoan” zegoen garai hartan, herritar bat komisarian hil zuten, gasean itota eta kolpez josia. “Bere gaixotasunaren biktima izan da”, adierazi zuen Segurtasun Saileko kontseilariorde Martiarenak; “Ez zen egon desproportziorik agenteen jardunean”, Atutxak. Ertzaintzako sindikatuek beren lankideak babestu zituzten uneoro. Jaurlaritzaren abokatuak absoluzioa eskatu zuen epaiketan.
Ez zen egon barkamen eskaerarik edo azalpenik familiari, ez aitortzarik Juan Calvori, ez ertzainen kaleratzerik edo espetxeratzerik, ez erantzukizun onartzerik edo dimisiorik arduradun politikoen aldetik. Are gutxiago, polizia ereduaren berrikuspenik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!