German Agirreren hilketa, argitu gabeko krimena
Aurreko artikuluan aztertu genuen Araban gertatutako gerra zikinaren lehenengo atentatua, orain, aldiz, urte berean gertatutako beste ekintza lazgarriago bat gogoratuko dugu, German Agirre Irasuegi taxilari arrasatearraren hilketa Legution. Barne Ministerioa eta Biktimen Elkarteen zerrendetan ETAko biktimatzat hartzen badute ere, errealitatea bestelakoa da, eta Guardia Zibilaren itzala bere hilketaren atzean omen da.
Jon Martinez Larrea
German erail zuten 1975eko urriaren 12an Legutioko Guardia Zibilaren kuarteletik 300 metrotara. Arratsaldeko zortziak aldera deitu zioten gaixo bat eramateko Arrasatetik Legutioraino, eta ordu batzuk geroago hilik agertu zen urtegiaren ondoan. Diario Vascoren kronikaren arabera bizilagun batek 23:30ak aldera hainbat tiro eta autoen mugimendua entzun zituen. Orduan, Guardia Zibilak eremua hartu zuen, eta hurrengo egunean bertaratu zen orduko Arabako Guardia Zibilaren komandantea, Antonio Tejero Molina, 1981ean tiroka sartu zena Espainiako Kongresuan. Bere esku geratu zen ikerketa poliziala, eta noski, ez zen ezer argitu.
Bere hilketarekin batera, egiletzaren inguruko nahasmendua hasi zen, izan ere, gaur egun Biktimen Elkarteek (COVITE, AVT…), Barne Ministerioak, Memorial de Victímas del Terrorismo-k eta zenbait egilek ETAko biktimatzat hartzen dute. Esate baterako, Florencio Dominguez, Rogelio Alonso eta Marcos Garcíaren “Vidas Rotas” liburuan ETAren autoretza azpimarratzen dute, horretarako, 1992an ETAri antzemandako paper batzuk erabiltzen dituzte.
Gure ustez, manipulazio hutsa da, beste pasarte batean paper berberak erabiltzen baitute, eta “Euskadi eta Askatasuna” entziklopediaren testua dela aipatzen dute. Entziklopedia horretan Agirreren kasua agertzen bada ere, talde parapolizialekin lotzen da bere hilketa.
Gure ustez, talde parapolizialen egiletzaren hipotesi seguruena da. Dena hasi zen bere hilketa baino aste bat lehenago, urriaren 5ean, goizean ETAk 3 guardia zibil hil zituen Arantzazuko bidean, eta badirudi zigor gisa gau horretan 3 pertsonak Iñaki Etxabe, Juan Jose Etxaberen ETAkidearen anaia, hil zuten Kanpazarren zuen jatetxean. Iturri batzuen arabera egileak guardia zibilak ziren, zehazki Gernikako kuartelekoak.
2000. urtean German Agirreren semeak eta alargunak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean parte hartu zuten. Beraien ustez, Germanen hilketaren atzean Guardia Zibila zegoen, eta bi hipotesi aintzat hartzen zituzten. Bata, guardia zibilen aurkako atentatua egin zuten etakideak bere taxian ihes egin zezaketen; bestea, eta zabalduena, German Iñaki Etxaberen hilketaren lekukoa izan zitekeen, eta hiltzailearen bat ezagutu omen zuen.
Dena dela, familiaren bertsioari jarraikiz, egun horretatik aurrera Aramaioko guardia zibila bere atzetik ibili zen. Gobernu Zibilak familiari ETAk hil zuela esan zion, eta gainera hiletaren egunean Arrasaten ETAri hilketa leporatzen zioten panfletoak agertu ziren. Hala eta guztiz ere, ETAk gutun bat bidali zion familiari bere egiletza ukatzeko.
Aipatu genuen bezala, 1975ean gerra zikina zabaldu zen, eta aurreko hilabeteetan hainbat eraso izanda ere, Etxabe eta Agirre lehenengo hildakoak izan ziren. Badirudi gerra zikinaren hasieran guardia zibilak izan zirela egile zuzenak, baina bi erailketak eta gero, Estatua mertzenarioak erabiltzen hasi zen.
Berriki Arrasateko udalbatzak aho batez German Agirre eta Iñaki Etxabe gogoratu eta “indarkeriaren injustizia pairatu duten pertsona guztien sufrimendua” aitortu du. Era berean, Argituz-ek “Arrasate. Memoria partekatu baterantz” txostena plazaratu du. Hala ere, 40 urte baino gehiago pasa eta gero, argi-ilun ugari daude.
Zaila izango da justizia lortzea, baina behintzat beraien senitartekoek egia ezagutzeko eskubidea dute. Hortaz, bada garaia Estatuaren estolderietan gertatutako guztia ezagutzeko
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!