Gaztetxearen sua piztu da Izarran berriz ere
Herri Batzarrarekin akordio batera iritsita, belaunaldi berriei ateak ireki dizkien lokala egokitzen dabiltza gazteak.
Urkabustaizko Gazte Asanbladak momentu goxoa bizi du berriz ere. GaztaEtxearen desalojoa jasan zutenetik urtebete luze igaro denean, ilusioz ekin diote Gaztetxe berria eraikitzeari.
Horretarako, asanblada eta autogestioa oinarri, auzolanerako hainbat deialdi egin dituzte, parte-hartze handia izanik protagonista. Bereziki azpimarragarria izan da belaunaldi ezberdinetako gazteak elkartu izana.
Izarrako alde-zaharrean kokatuta dago Gaztetxea, haur-eskolaren ondoko eraikin zaharrean.
Gaur egun biltegi bezala erabiltzen bada ere, garai batean zaldiei ferrak jartzeko “potroa” zen lokala. Hori dela eta, egurrezko instalazio handia dauka erdigunean, eta hori kentzeak egokitzapen lanak moteldu ditu. Zailtasunak-zailtasun, erritmo bizian doaz lanak eta urrian ospatzen diren Izarrako Jaietarako Gaztetxe berria prest izatea espero dute gazteek.
Iragan urteko neguaz geroztik Gaztetxerik gabe dirau Izarrako herriak. Orduan, Gaztandegi zaharra GaztaEtxe bihurtu zuten erakina desalojatu zuen agindu judizial batek.
Proiektuaren amaiera ez ezik, kostu ekonomiko handia suposatu zuen kaleratzeak, epaiketak ezarritako isunei aurre egin behar izan baitzieten gazteek.
Orain, baina, indarberrituta bueltan dator Urkabustaizko Gazte Asanblada, eta egonkortasun eta erabilgarritasun handiagoa eskeiniko duen espazioa epe-luzerako proiektu gisa aurkeztu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!