Gazte batek ETT batera kateatu du bere burua prekarietatearen kontra
Gazte bat Frantzia kaleko ETT (Empresa de Trabajo Temporal) batera kateatu da, Ernai Gazte Antolakundeak deitutako prekarietatearen aurkako martxen baitan. "Bizitzak biziarazi" lelopean, gazteen prekarietatearen erantzuleak jopuntuan jarri nahi izan dituzte
Ekainaren 13tik hasita, prekarietatearen aurkako martxak egiten ari dira gazteak. Atzo auzoz auzoko egitaraua aurrera eraman ondoren, gaur, Gasteiz mailan fokoa jarri, eta goizean goizetik hasi dituzte protestak: goizeko 08:30etan, “Hautsi ditzagun esplotazioaren kateak” izenpean eginiko ekimen batean, gazte batek bere burua Frantzia kaleko ETT batean kateatu du, “Euskal gazteria lehen lerrora!” irakur daitekeen zapi gorria soinean.
Udaltzaingoa eta suhitzaileak ordu erdira iritsi dira gaztea zegoen tokira, eta katea askatu ondoren, Mozal Legea ezarriko diotela jakinarazi diote, desordenak egotzita.
Gazteek bizi duten ziurgabetasun egoera gizarteratu, eta borrokara batzeko deia luzatu dute, besteak beste. “Gazteok pairatzen duguna, esplotazio berdinaren forma konkretua besterik ez da eta honen aurrean argi daukagu borrokak soilik era kolektiboan irabazi ahal ditugula”
Gaur arratsalderako mobilizazioa deitu dute, 18:00etan Desanparadasetik hasita. Eta larunbatean, ekainaren 15ean, Gasteizen ekitaldi zentralak egongo dira, Euskal Herri mailakoak: 12:00etan Artium plazan bilduko dira, harrera asanbladan, eta 19:00etan amaiera ekitaldia egingo dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!