Gaur
Atzo hainbat hedabidek zabaldu zuten enpresa batzordeak bidalitako azken proposamena onartu duela Tubacexeko zuzendaritzak eta, beraz, aurreakordioa dagoela. Langile batzordeari jakinarazi aurretik iragarri zuten, eta bilera egin zedila eskatu zuten langileek. Gaur bilduko dira, arratsaldeko 16:00etan.
Atzo goizean, Euskal Irrati Telebistak eta El Correok Tubacexen aurreakordioa dagoelako albistea zabaldu zuten, zuzendaritzak enpresa batzordeak bidalitako azken proposamena onartu duela eta.
Sindikatuetako ordezkariak kexu agertu ziren Tubacexeko zuzendaritzak berriro jakinarazi zizkielako ustez hartutako erabakiak medioei langileei baino lehen. Izan ere, komunikabideek aurreakordioa iragarri eta gero jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren deia enpresa batzordeak. Dei horretan Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak jakinarazi zien zuzendaritza akordioa eragotzi zuen testu zatia aldatzeko prest dagoela; kaleratzeak ahalbidetzen zituen zatia, hain zuzen.
Gauzak horrela, langile batzordeak Eusko Jaurlaritzari zuzendaritzarekin batera bildu daitezela eskatu zuen. Gaur, irailak 30, izango da bilera arratsaldeko 16:00etan. Lakuan elkartuko dira langile batzordea, zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritzako Lan Saila. Horrela ikusiko da atzo iragarritakoa betetzen den, momentuz atzo sindikatuek zuhurtzia eskatu eta gero. Hala bada, gatazkan dauden aldeen artean adostuko dute testu berria, ondoren sindikatuen afiliatuen batzarretan langileek onartu edo baztertuko dutena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!