Gasteizko Okupazio Mugimenduak etxebizitzak eskaini dizkiei Santo Domingo kaletik kanporatu dituzten bizilagunei
Eskua luzatzearekin batera, Alde Zaharreko gainontzeko bizilagunak kontzientziatu nahi dituzte horrela. “Etxe-kaleratzeen erantzule-sustatzaileen utzikeriaren aurrean, egoera onartu ezin dugun izaki gisara, antolatzeko hautua egin dugu”, azaldu dute.
Santo Domingoko bizilagunak ezkutuko desjabetze baten beldur dira eta hala iragarri dugu Hala Bedin. Honen aurrean, Gasteizko Okupazio Mugimendua ez da albo batera geratu nahi: euren etxeak eskaini dizkiete kaleko bizilagunei denboraldi baterako.
“Etxe-kaleratzeen erantzule-sustatzaileen utzikeriaren aurrean, egoera onartu ezin dugun izaki gisara, antolatzeko hautua egin dugu”, adierazi diote mugimenduko kideek Hala Bediri. Azaldu dutenez, Santo Domingo kaleko bizilagunak egoera “lazgarri” baten aurrean daude eta honen ardura bankuei -Caixabank- eta Udalari leporatu diote.
Euren eskuetan dagoen guztia egiteko prest azaldu dira gune okupatu ezberdinetako kideak: “Gizabanako orok, bizitza duin bat izateko zein estalpe duin bat izateko eskubide ukaezina eduki beharko luke”.
Era berean, etxe kaleratze hauek ez dituzte momentuan gertatu diren arazo isolatu bat bezala kokatzen. “Hiri-espazioa kapitalaren balorizaziorako beharrezko elementua den momentutik, behin eta berriz errepikatuko den prozesua delakoaren aurreikuspena egiten dugu”.
Santo Domingoko kideek salatu duten bezala, gentrifikazioaren baitan kokatzen dituzte azken neurri hauek Okupazio Mugimenduko kideek: “Gasteizko Alde Zaharreko gentrifikazio politika auzotik joan beharra izateko auzokideen botere adkisitiboaren pobretzean eta hainbat motatako etxe kaleratzeetan datza”.
Oharrean, gentrifikazioa nola ikusten duten laburbildu dute: “Errenta gisa balio duten guneak identifikatu, gune espropiatu, hau bota edo zigilatu, berria eraiki, espekulatu eta komunitate berria martxan jarri zaharra kanpora bidaliz”.
Benetako arduradunek behar bezalako irtenbide bat emango dietelaren esperantza ez dutenez, bizilagun hauei lo egiteko leku bat izateko eta euren bizimoduarekin ahalik eta normaltasun osoz jarraitzeko prestutasuna azaldu diete. Era berean, auzokideak kontzientziatzeko baliagarria izatea espero dute, “espazioaren antolaketa-banaketa kapitalista hau, ondorio larriak uzten ari zaizkigula erakutsiz”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!