Gasteizko udaltzainek adingabe bati egindako erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute martxoaren 29an
Pasaden martxoaren 6an, Gasteizko bi udaltzainek 16 urteko gazte bat jipoitu zuten: sudurra hautsi zioten eta gorputzeko hainbat lekutan kontusio ugari eragin zizkioten, emozionalki txikituta uzteaz gain. Guraso eta lagunek elkarretaratzea deitu dute erasoa salatzeko, "ahanzturan gelditu ez dadin".
Pasaden martxoaren 6an, Aimarrek, 16 urteko gazte batek, polizia-erasoa jasan zuen bi udaltzainen eskutik. Sudurra hautsi zioten eta gorputzeko hainbat lekutan kontusio ugari eragin zizkioten, emozionalki txikituta uzteaz gain. Epaitegietan salaketa jarrita dagoen arren, gaztearen guraso eta lagunak beldur dira horrelako kasu larri bat “ahanzturan” gelditu ez ote den. Horregatik, elkarretaratzea deitu dute martxoaren 29rako, erasoa salatzeko. Andre Mari Zuriaren enparantzan egingo da, arratsaldeko 19:30etan.
“Ez dezagun ahaztu adingabea dela, eta egoera honek guztiz jota utzi gaituela inguruan gauden pertsona guztioi. Jokabidea neurrigabea eta inkongruentziaz betea iruditzen zaigu, gure semeak egindako arauhaustea gorabehera. Epaitegian salaketa jarri dugu, baina ez dugu nahi gertatutakoa ahanzturan geratzea, eta are gutxiago beste pertsona bati berriro gertatzea, adingabea izan edo ez”, esan dute ohar batean Aimarren senide eta lagunek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!