Gasteizko Udala eta AITEKO azpikontratatutako enpresa greba boikoteatzen ari direla salatu dute
Atzo abiatu zuten greba mugagabea Gasteizko gizarte etxeetako sorosle eta begiraleek. Gaur burututako agerraldain Udala eta AITEKO, udal instalazioen kudeatzaile den azpikontratatutako enpresa, greba boikoteatzeko lanetan ari direla salatu dute.
Greba mugagabeari heldu zioten atzo, irailak 1, Gasteizko gizarte etxeetako sorosle eta begiraleek. Gaur langileek prentsaurrekoa eskaini dute Udaleko bulegoen aurrean grebaren balorazioa egiteko. Greba deialdiak orain arte izan duen jarraipen zabala azpimarratu dute, Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetan sorosle bakarrak egin zuen lan, igerileku estalietan grebaren jarraipena %90ekoa izan da eta Gasteizko frontoi guztiek mantendu dituzte ateak itxita.
Greba mugagabearen jarraipen zabalaren aurrean, ordea, Udalak eta AITEKO azpikontratatutako enpresak aurrera daramaten boikot saiakera salatu dute. Enpresak langile bat kaleratu egin du honen kontrako presio jarraituen ostean. Udalak, gainera, atzo ireki behar zituzten igerileku estalien %50aren irekiera astebetez atzeratu du.
Hori gutxi ez eta Gasteizko alkate den Gorka Urtaranek atzo irrati bidez egindako adierazpen batzuk gogor arbuiatu dituzte. Urtaranek greba burutzen ari diren langileen aldarrikapenak ulertzen ez zituela adierazi zuen azpikontratatutako langileek, alkatearen hitzetan, “oso ondo” kobratzen dutelako eskatzen zaien formazio akademikoarekin alderatuta. Sorosle eta begiraleek gogor kritikatu dituzte hitz hauek, “mezu manipulatzailetzat” jo dituzte, “langileen borrokaren benetako arrazoiak ezkutatzea helburu dutenak”. Alkateari gogorarazi diote gatazka ez dela ekonomikoa, murrizketak salatzen ari direla baizik: “Urtaranen gobernua izan da zerbitzu bat esleitzeko irizpide bakarra irizpide ekonomikoa izatea”.
Murrizketak zerbitzuan
Goizeko agerraldian Udalak kirol instalazioetako jardueren programazioa %30 murriztea erabaki duela salatu dute ere, “herritarrek izena eman arte itxaron gabe”. Udalak entzungor egin dio erabaki honekin sektoreko langileek programazioa hobetzeko egindako proposamenari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!