Gasteizko Txosnen Banda Lehiaketan bozkatzeko epea ireki da
Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa bigarren fasera igaro da: 10 talde sailkatu dira. Hauetatik bost finalera pasako dira eta bozkatzeko aukera irekita dago.
Gasteizko Txosnek urteko lehen agerraldia eskaini zuten urtarrilaren 18an, 2019.urteko lehen ekimena (baina ez bakarra) aurkezteko: Banda Lehiaketa.
Banda Lehiaketaren helburua, besteak beste, “talde ez-ezagunei eszenatoki gainean aukera bat ematea da”. Horretarako, edozein taldek parte hartu ahal izan du txapelketan. Banda ezberdinek izena eman ostean 10 talde sailkatuak iragarri dituzte sare sozialetan Gasteizko Txosnek.
Hauek dira sailkatutakoak: Eh Mertxe!, Paradixo, Huts, Tristtan Mourguy eta Horeba, Raust, Tara, Tooth, Izate Faltsua, Ostabe eta Patx&Run.
10 talde hauetatik, bost finalera igaroko dira. Bost horietatik, bat ikuslegoak aukeratuko du. Beste bat, gutxienez, Arabakoa izan behar da; eta, beste batek gutxienez, emakumeen presentzia izan beharko du. Bozkatzeko, hemen duzu aukera.
Bost talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute aurrerago zehaztuko duten egun batean Jimmy Jazz aretoan. Eta, bukatzeko, bost horietako irabazleak Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, jaietako egun batean. Horretaz gain, 500 euroko saria ere jasoko du talde irabazleak.
Gasteizko Txosnak urtean zehar “lanean etengabe gauden eragileok” osatzen dituztela gogoratu dute. “Aurten, beste urrats bat egin nahi izan dugu eta urte guztian zehar ekimen puntualak antolatzeko ardura hartu dugu”. Ekimen hauen oinarri nagusia parte hartzea izango dela argitu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!