Gasteizko Mugimendu Feministaren eraso sexisten aurkako protokoloa 6 urratsetan
Eraso sexistak definitu eta hauei nola aurre egin zehaztu du Mugimendu Feministak. Salaketetarako telefono zenbakia 688 718 701 izango da. Abuztuaren 9ko Egun Feministan parte hartzeko deia egin dute.
Gasteizko Jaietako atarian, Mugimendu Feministak eraso sexistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du. Erasoa bera definitzeaz gain, kasu ezberdinei aurre nola egin azaldu dute, besteak beste, telefono zenbaki bat jarriz eskuragai.
Mugimendu Feministaren protokoloa puntuz-puntu laburtu dugu Hala Bedin:
1. Protokoloaren zergatia.
Sexismoa lehen lerroko oztopoko moduan ulertzen du Mugimendu Feministak eta jaietan gozatu ahal izateko, hau erditik kentzea beharrezkotzat jotzen dute. Jaietan erabiltzen diren aitzaki askoren aurrean (drogak, jaiak, gaueko ordu txikiak…), eraso bat ez duela ezerk justifikatzen gogoratu dute feministek.
2. Eraso sexistaren definizioa.
Mugimendu Feministak horrela definitu du eraso sexista: “Eraso sexista bat fisikoa (edo ez) den eraso bat da, genero, sexu orientazioa edota itxura fisikoari dagozkion estandar sozialak ez betetzearen ondorioz ematen dena. Heteropatriarkatuaren zapalketa forma bat da, gure egunerokoan eta guneetan etengabe agertzen dena”
3. Eraso sexisten kontra aritzeko protokoloa zertarako.
“Modu seguru, horizontal eta askean harremantzeko espazioak” bilatu nahi ditu Mugimendu Feministak protokolo honekin; generoa, sexu orientazioa, itxura fisikoa, estetika… edozein izanda ere, pertsona guztiek jaiak modu askean bizitzea nahi dute.
4. Eraso sexistei aurre egiteko erremintak.
Autodefentsa Feminista. Hori da jaietan ere baliatuko dutena. Honek, Mugimendu Feministaren esanetan, “indarkeriaren errora jo eta indarkeria sexistarekin amaitzeko tresna, jarrera eta erreakzio guztiak barnebiltzen ditu”. Gainera, ahalduntze pertsonal zein kolektiborako estrategia bezala definitu dute hau: “indarkeria matxista deuseztatzeko eta honi aurre egiteko ez ezik, espazioaren jabetze praktika ere da”.
Autodefentsa Feminista hiru puntutan desglosatuta:
– AUTO: “Gu geu garelako gai eta ez dugulako salbatuko gaituen inor behar”.
– DEFENTSA: “Legitimitate guztia dugulako eraso guztien aurrean erantzuteko”.
– FEMINISTA: “Indarkeria matxistari errotik aurre egiteko modua”.
5. Eraso baten aurrean zer egin
Eraso baten aurrean, honi aurre egiteko lau pauso egin behar dira. Jai eremu batean hauek lirateke urratsak:
1. Erasotua izan den norbait hurbiltzen bada, lehentasun osoa honek dauka. Zerbitzatzen, musika jartzen … Dena bertan behera utzi behar da: erasotuak esaten duena entzun, lagundu eta babestu behar da.
2. Norbait erasotua edo molestatua izaten ari dela ikusiz gero, erasotuari laguntza behar duen galdetu eta laguntza hau eskainiko zaio. Laguntzarik behar ez duela esanez gero, ez da tematu behar. Baietz esanez gero, ordea, jai gunearen arduradunari, zein mugimendu feministaren arduradunari, erasoaren berri eman behar zaio.
3. Erasotzailea gunetik kanporatua izango da. Hasiera batean, hala egin dezala eskatuko zaio; ez badu egiten, jai gunetik kanporatuko du Mugimendu Feministak. Horretarako, aipatutako Autodefentsa Feministaz baliatuko dira, giza kate bat eginez horretarako. Erasoen kontrako kuña ere jarriko da jai gunean.
4. Erasotuari, une guztietan zehar segurtasun gune bat eskaintzea garrantzitsua da. Mugimendu Feministako kideak beti egongo dira laguntzeko prest, arreta medikua izateko, salaketa bat jartzeko edota beste edozein gauzetan laguntzeko.
6. Erasoaren erantzuna, jendarteratzea eta salaketa
Mugimendu Feministak elkarretaratzea deituko du erasoa gertatu eta hurrengo egunean: Andra Maria Zuriaren enparantzan izango da hau. Horretaz gain, erasoa salatzeko musika kuña eta sirena hotsak jarriko dituzte jai guneetan 00:00etan.
Erasoak salatzeko -ikusi edo jasandako erasoak- telefono zenbakia 688 718 701 izango da eta 24 orduak egongo da aktibatuta telefono hau.
Abuztuak 9, Egun Feminista
Gasteizko Txosnetan, egun bakoitzak aldarrikapen bat izango du. Azkenengo urteetan bezala, Mugimendu feministak abuztuaren 9an ospatuko du Egun feminista. “Transzeledontzia Eguna” izena jarri diote egunari eta ekimen ezberdinak egogno dira jaietako azken egunean:
- 13:30 Poteo musikatua Alde Zaharretik
- 15:00 Bazkari feminista -Txartelak Txapelarri tabernan salgai-
- 17:00 Performancea
- 19:00 Sormen tailerra
- 21:00 Ekitaldia
Bideoa | Gasteizko Mugimendu Feministak egun feminista antolatu du abuztuaren 9rako
Info + https://t.co/1Ug8m8UgEE pic.twitter.com/EsJdZobwQw
— Hala Bedi (@halabedi) July 26, 2017
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!