Gasteizko Michelineko plantillaren % 93ak babestu du greba eta eten egin da ekoizpena
ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek deitutako lau greba egunetako lehena izan da gaurkoa eta jarraipen zabala izan du. "Merezi dugun hitzarmena" lelopean milaka langile ibili dira pikete eta mobilizazioetan.
Ordezkari sindikalen gehiengoa diren CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek deitu ez arren, Michelineko langileek bat egin dute gaurko greba egunarekin. Joan den asteko mobilizazio jendetsuetan aurreikusi zitekeen babesa egiaztatu egin da gaurko lanuzte mailarekin. Sindikatu deitzaileen datuen arabera tailerretan plantillaren % 93ak bat egin du grebarekin, eta ekoizpena gelditzea lortu dute.
ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek lau greba egun dauzkate deituta. Gaurkoaz gain, ekainaren 7an, 10ean eta 12an ere lanuzteak egitera deituta daude langileak, erosteko ahalmena berreskuratzea eta KPIaren araberako igoera “tranparik gabe” bermatzea eskatzeko, beste aldarrikapen batzuen artean.
Piketeak eta mobilizazio ezberdinak egon dira egun osoan zehar, goizeko 5etatik hasi eta arratsaldean egin duten manifestazio jendetsuraino. Datozen greba egunetan lanuzteez gain mobilizazioak ere deitu dituzte sindikatuek. Asteazkenean, ekainaren 7an, manifestazioa egingo dute arratsaldeko 18:00etan fabrikaren hegoaldeko atetik, eta larunbatean, 10ean, bizikleta martxa egingo dute leku beretik goizeko 10:30etan.
Michelineko zuzendaritzak, bere aldetik, esan du plantilla osoa kontutan hartuta % 44,7koa izan dela jarraipena, eta % 69koa tailerretan. Greba deitu duten sindikatuek eskatzen zuten lau urtean soldatak % 27 igotzea, baina enpresaren zuzendaritzak % 12ko igoera besterik ez zuen eskaini. Aldarrikapen nagusiak diren erosteko ahalmena eta KPIa berreskuratzeaz gain, lanaldiak murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere eskatu dituzte greban, besteak beste.
Sindikatu deitzaileek negozio esparru propioa eskatu dute estatu mailako mahai negoziatzailearen aurrean. Izan ere, ostiralean, ekainaren 9an izango da lantoki arteko batzordearen eta zuzendaritzaren arteko hurrengo batzarra, estatu mailako baldintzak adosteko balio dezakeena. Baina Gasteizko greba deitu duten sindikatuek esan dute “Gasteizko plantillak lantokien arteko batzordetik atera daitezkeenak baino lan baldintza askoz hobeak merezi” dituela, eta horretarako negoziazio esparru propioa beharrezkoa dela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!