Gasteizko lau grebalarien aurkako epaiketa muntai poliziala dela salatu dute eta absoluzioa eskatu
Lau pertsona epaitu dituzte gaur Gasteizen 2020ko urtarrileko greba orokorraren harira. Babesa adieraztera gerturatu dira Epaitegira dozenaka lagun, greba antolatu zuten eragileek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dutenek, deituta.
Epaiketak muntai poliziala duela oinarri salatu dute, “eskubide sozialen defentsan borroka egiten dugun guztiok beldurtu eta kriminalizatzea” helburu duena. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pertsona hauen absoluzioa eskatu du, eta “pobretzearen aurka, zein lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen eta aliantzak ehuntzen” jarraituko dutela adierazi.
2020ko urtarrilaren 30ean greba orokorra egin zen Hego Euskal Herrian eta milaka langile eta herritar mobilizatu ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin bat eginez. “Lan, pentsio eta bizi duinak izateko eredu aldaketa” eskatu zuten kaleetan, eta borroka horrek gaurkotasun osoa duela uste dute eragileek oraindik ere.
Aurreko larunbatean ere mobilizazioak egin zituzten lan, pentsio eta bizi duinen norabidean pobretzearen aurka: “greba orokorrean egin genuen bezala, geroztik ere lan, pentsio eta bizitza duinen alde lanean eta borrokan jarraitzen dugu, bakoitzak bere eremuan zein elkarlanean”. Aldaketa soziala eskatu dute, eta horren aldeko borroka kriminalizatzeari utzi diezaiotela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!