Gasteizko ikastetxe publikoen ia erdia “ghetto zentroak” dira
Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak Gasteizko eskola-segregazioaren datu "latzak" eman ditu jakitera: segregazioak gora egiten jarraitzen du eta Save The Childrenen txosten baten arabera, 32 ikastetxe publikoetatik 15ek, gutxienez guraso atzerritar bat dutenen kontzentrazio oso altua dute eta "ghetto zentroak" dira. Ekainaren 13rako mobilizazioa deitu dute.
Gasteizko ikastetxe publikoen ia erdia “ghetto zentroak” dira. Hori da Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak jakitera eman dituen datuetatik atera dezakegun titularretako bat. Baina ez da bakarra. Ikasturtea amaitzeko egun gutxi falta direnean agerraldia eskaini dute aurtengo matrikulazioaren datuak emateko -orain arte kaleratu ez ziren datuak-, eta gaur egungo eskola segregazioaren egoera salatu nahi izan dute horrela. Datu “latzak” eta dagoen borondate politiko “eskasa” salatu dituzte modu honetan.
Hirian dauden 32 ikastetxe publikoetatik 22k, gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %30a baino kontzentrazioa handiagoa dute. Hirutik, bik. 15 ikastetxe publikok, ikastetxe publiko guztien ia erdiak, gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %50etik gorako kontzentrazioak dituzte; eta gainera, hauetako gehienak D eredukoak dira. 10 ikastetxe publiko daude %70etik gora kontzentrazioarekin, hau da, hiriko ikastetxe publikoen ia herena.
Hau da gaur egungo errealitatea Arabako hiriburuan. Baina goazen datuetan sakontzera. Gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %83a hiriko sare publikoan matrikulatuta dago. Gasteizko ikastetxe itunduen sarean, berriz, mota honetako ikasleen batez bestekoa %10ekoa da ikastetxe horietan eskolatutako ikasle guztiekin alderatzen badugu. Eta datu gehiago ikusi ahala, argiago geratzen da eskola-segregazioa arazo larria bilakatu dela Gasteizen: “Elkarbizitza dago jokoan”, adierazi dute agerraldian.
“Guetto zentroak”
EHU-UPV-k landutako Gasteizko Hezkuntzaren Egoera 2009-2017 txostenean ikus daitekeenez, Gasteizko Itunpeko Sarearen familien Indize Sozioekonomiko eta Kulturala (ISEK) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeen batez bestekoa baino handiagoa dela. Gasteizko ikastetxe publikoen familien ISEK, ordez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoen bataz bestekoa baino txikiagoa da. Are gehiago, Gasteizko iakstetxe publikoetako ISEKren bataz bestekoa zortzi puntu txikiagoa da intunduetako zentroekin alderatzen badugu.
Save The Children erakundeak 2018ko apirilean eskola segregazioari buruz egindako Mézclate conmigo txostena Gasteizera ekartzen badugu, arazoaren larritasuna begi bistakoa da. Txosten horretan, ikastetxean egoera ahulean dauden ikasleen kontzentrazio mailaren arabera sailkatzen ditu horrela:
- “Ghetto zentroak”, kontzentrazio maila oso altua dutenak: %50etik gorakoa.
- Kontzentrazio maila altuak: %26tik %50era bitartean.
- Kontzentrazio tarteko maila: %10 eta %25 bitartean.
- Kontzentrazio maila baxua: %10 baino gutxiago.
Parametro horien arabera, Gasteizko sare publikoan “ghetto zentroak” deritzon 15 eskola publiko daude (ia %50a), eta beste 10 (ia %30a) kontzentrazio maila altukoak dira. Guztira, 32 ikastetxetatik 25 daude egoera larri honetan.
Dimisio eskaerak eta mobilizazioak
Datuak aztertuta eta beste kasu batzuetan egin bezala, Arabako Hezkuntza Ordezkaria den Blanca Guerreroren dimisioa eskatu duten beste behin ere, “haren ekimen eta konpromiso-falta erabatekoa ikusita”.
Bestalde, herritar guztiei ostegun honetan, ekainaren 13an, 18:30ean Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik Hezkuntza Ordezkaritzara egingo duten kalejira aldarrikatzailean parte hartzeko gonbitea luzatu dute. Iragarri dutenez, Blanca Guerrerori herri-epaiketa bat egingo diote bertan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!