Gasteizko Herri Unibertsitateko egitaraua aurkeztu dute
Herri Unibertsitatea antolatuko dute otsailaren 17, 18 eta 19 bitartean Gasteizko unibertsitateko ikasleek, aktualitatearen hausnarketa kritikoa burutu eta eztabaidak irekitzeko helburuarekin.
Euskal Herriko gainontzeko kanpusetan bezala, Gasteizko unibertsitateak ere Herri Unibertsitatearen edizio berri bat hartuko du otsailaren 17tik 19ra. Ikasleak buru belarri aritu dira azken hilabetetan edukiak prestatzen eta egitaraua antolatzen eta aste honetan bertan egin dute publiko egitaraua.
Aktualitatearen inguruko hausnarketa kritikoa egitea eta egun pil-pilean dauden eztabaida nagusiei heltzea dira Herri Unibertsitatearen edizio berri honi jarritako helburuak. “Etorkizuneko desjabetuon hezkuntza sistemaren bidean, gaur egungo ikasle mugimendutik jarritako hazia” horrela deskribatu dute antolakuntzan murgilduta dauden ikasleek.
Edukiz jositako hiru egun izango dira, asko eta asko ikasleek propioki sortuak. Martxoak 3aren eta martxoak 8aren inguruko hausnarketa politikoetan edota kultura eta arte ekoizpenaren inguruko eztabaidan sakontzeko aukera ere egongo da. Dinamika desberdinen aurkezpenerako tartea ere eskainiko da, Eurocopa honi EZ! dinamikaren aurkezpena esaterako.
Ikasleen arteko elkar ezagutza eta harremanetarako espazio izan nahi du Herri Unibertsitateak. Horretarako gauetan itxialdiak egingo dituzte Elurretan otsailaren 17 eta 18an. otsailaren 19an, aldiz, bertso afari bat ospatuko da Auzolana pilotalekuan hiru egunetako egitarauari bukaera emanez.
Otorduen bonoak salgai
Unibertsitateko Farmazia Fakultateko kafetegietan daude Herri Unibertsitateko otordu eta bertso afariko bonoak salgai. Unean bertan ere egongo otorduak ordaintzeko aukera egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Otsailaren 19ko bertso afariko txartelak Hala Bedi tabernan egongo dira eskuragarri.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!