Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kide bat atxilotu dute eta deportazio arriskuan dago
2021ean atxilotu zuten, Ertzaintzak Los Herran kaleko etxebizitza-blokea hustu zuenean. Deportazio-espediente bat ireki zuten orduan bere kontra. Atzo, asteartez, Polizia Nazionalak atxilotu zuen eta deportatu egin dezakete edozein unetan. Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egin du, kidearen "berehalako askatasuna" exijitu eta "deportazio mota guztiak gaitzesteko".
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak asteartean salatu zuen sindikatuko kide bat atzeman zuela espainiar poliziak eta Atzerritartasun Bulegoan zutela atxilo, edozein unetan deportatua izateko arriskuan. Kalez jantzitako Polizia Nazionalek atxilotu zuten autobus geltokian. Marokoar jatorrikoa da eta hiru urte da hemen bizi dela.
Orain kanporatua izan daiteke kide hori, azaldu du sindikatuak, 2021eko urtarrilean atxilotu zutelako Ertzaintzak Los Herraneko bloke okupatua hustu zuenean. Bloke hura zuen atxilotuak bizileku. Deportazio-espedientea ireki zioten orduan.
Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo bertan, kidearen “berehalako askatasuna” exijitzeko eta deportazio oro gaitzesteko.
Ez da errealitate isolatua
Jazotakoa jakinarazteko zabaldutako oharrean gogorarazi dute “ehunka” direla Gasteiztik kanporatu dituzten pertsona migratzaileak. “Horietako asko, gure kidea esaterako, kalez jantzitako agenteek atxilotzen dituzte, modu bortitzean, autobus- edo tren-geltokietan migratzaileak jazartzen ari diren agenteek. Eta hori gure hirian gertatzen da politikari profesionalek errefuxiatuei harrera egiteko zentro bat ireki behar den ala ez eztabaidatzen duten bitartean”, gehitu dute.
Eztabaida elektoralista eta “burgesiak proposatzen dituen bideak” arbuiatu dituzte: “errefuxiatu jakin batzuk harrera-zentroetan pilatzea eta gainerakoentzat miseria eta diziplina gogorra”.
Deportazio mota guztien aurka
Sindikatuak azaldu du proletarioei ukatu egin zaizkiela oinarrizko eskubideak (besteak beste, mugimendu askatasuna), are modu bortitzagoan proletario etorkinei. Horregatik, deportazio mota guztiak “gaitzetsi” eta “proletario guztien antolaketa politikorako tresna” izan nahi duela berretsi du Etxebizitza Sindikatuak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!