Gasteizko Alde Zaharrean eraikin osoak apartamentu turistiko izatea ahalbidetu du Urtaranek
Orain arte behe solairuak soilik bilakatu zitezkeen ostatu turistiko. Gasteizko Udaletxeak auzoko araudia aldatu du Arabako Ostatu Turistikoen Elkarte Arabaturren eskaerari erantzunez. Alde Zaharreko Gasteiz Txiki auzo elkarteak gogor kritikatu du neurria. through Argia.eus
Gorka Urtaran jeltzalearen udal gobernuak pisuzko erabakia hartu du Gasteizko Alde Zaharrean, etxebizitzaren alorrean: Alde Zaharreko Birgaitze Integraturako Plan Berezia (BIPB) moldatuko du, eraikin osoak apartamentu turistiko bilakatzea ahalbidetuz. Beheko solairuekin soilik egin daiteke hori gaur egun –eta goiko solairuekin, baina sarbide independentea izatekotan, apenas ematen den baldintza auzoan–. Otsailean BIPBn moldaketak egiteko epealdia zabaldu zuen udalak, eta orduan proposatu zuen Arabatur elkarteak moldaketa egitea, auzoak “bultzada sozial, ekonomiko eta komertziala” behar duela argudiatuta. BIPBri moldaketak egingo zaizkio hurrengo hilabeteetan, baina ez du ematen uda honetan indarrean jartzeko astirik izango duenik udalak.
Udal gobernuak turismoa sustatzen duen elkartearen proposamenarekin bat egiten duela azaldu du Urtaranek: “Arabaturren ikuspegiarekin bat gatoz: erabilera turistikoko etxebizitzek basamortutzeari eta auzoaren degradazioari aurre egingo diote”. Neurriak alokairuen prezioa igo dezakeenik ukatu du alkateak: “Ulertzen dut alokairuak ez direla igoko, oso kopuru arrazoizkoetan mugitzen baikara, beste hiri batzuen oso azpitik”. Gentrifikazioan sakontzea ekarri dezakeenik ere ezeztatu du: “Auzoaren birgaitzea, Erdi Aroko hirigunearen ondarea eta auzoaren biziberritzea bultzatzen ditugu”.
Auzo elkartea, haserre
Gasteiz Txiki oso kritiko agertu da neurriarekin. Denbora daramate Alde Zaharreko auzo elkarteak eta beste hainbat auzoko eragilek etxebizitzarena auzoko arazo nagusietakoa dela salatzen –Zaharraz Harro! jai herrikoietan mobilizazioa egin zen “Etxebizitza larrialdi egoeran. Nos dejan en la calle!” lelopean, ekainaren 26an–.
Hutsik dauden etxebizitzei erabilera soziala emateko udal ekimenak askotan eskatu dituela salatu du Gasteiz Txikik eta, aldiz, neurri honekin kontrakoa egindela: oinarrizko beharra dena, merkatuaren eta turismo enpresen esku utzi. Neurria hartu eta iragartzeko modua ere kritikatu ditu elkarteak, komunikabideen bidez ezagutu baitu araudi berria.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!