Gasteizen bizi den etxebizitza problematikaren aurrean kaleak hartuko dituzte azaroaren 30ean
Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimenak, Drecho a Techo-k, mobilizazioa deitu du azaroaren 30erako. Gasteizek etxebizitzaren inguruan bizi duen egoera larria salatu eta instituzioei neurriak lehenbailehen hartzea exijituko diete.
Otsailean sortu zen Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimena, Derecho a Techo plataforma. Hiriko 20 eragile sozial eta sindikaletik gora elkartu eta diagnostiko bateratu bat egin ostean Gasteizen arazo komun bat zegoela iritzita: etxebizitzarik eza edo etxebizitza prekarioetan bizi behar izatea.
Hilabete luzez egin du lan “Derecho a Techo” plataformak etxebizitza eskubidearen alde, kontsigna argi batekin: “Gasteizen inor ez kale gorrian”. Bide horretan mobilizazioa deitu dute datorren azaroaren 30erako, larunbata, eguerdiko 12:00etan Otxanda dorretik, “Etxebizitza eskubide bat da, ez negozio bat” lemapean. Udalari bizitegi-larrialdiari erantzuteko neurri zehatzak urgentziaz hartzea exijituko diote.
Etxebizitza: errealitate gordina
“Derecho a Techo-k” bizitegi-larrialdiaren inguruko diagnostikoa burutu du azken hilabetetan, Gasteizeko errealitate gordina azaleratuz. Gaitza argia da, etxebizitza negozio bat balitz bezala tratatu izan dute instituzio publikoek edota bankuek, espekulazioari bide eginez. Gasteizen 10.800 etxebizitza huts inguru ditu, horietatik 491 Udaletxearenak. 3.000 etxebizitzatik gora daramate bi urte baino gehiagoz itxita bizigarritasun-baldintzak bete arren. Datuak gasteizko Udalak 2016an argitaratutako txosten batean eman ziren ezagutzera.
Gasteizeko etxebizitzen jabetza ere esanguratsua da. Jabeen %2,9 2 eta 5 etxebizitza dituzte, hiriko etxebizitzen %8,1 guztira eta jabeen %0,2 etxebizitza parkearen %7aren jabe da. Badira datu deigarriagorik ere, 53 jabek 10 eta 50 etxe bitartean ditu bakoitzak, 11 pertsona fisiko edo juridikok 50 eta 100 etxebizitzaren jabe dira eta 7 jabek 100 etxebizitza baino gehiago dituzte.
Bitartean, milaka gasteiztar dira negozio horren ondorioak paiartzen dituztenak, adibide batzuk eskaini dituzte plataformatik, besteak beste:
- Alokairu sozialeko 6.500 etxebizitza-eskatzaile baino gehiago daude Etxebiden izena emanda.
- Arreta zentroak, udal-aterpetxea (CMAS), Aterpe edo Bideberri gainezka daude.
- Epaitegiek egunero kanporatzen dituzte hipoteka edo alokairuaren ordainketari aurre egin ezin dioten familia ahulak
- 35 urtetik beherako milaka gazte ezin dira emantzipatu, diru-sarreren %70 alokairu pribatua ordaintzeko erabili beharko luketelako.
- Adin nagusitasunera iristen direnean, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak kalean eta baliabiderik gabe ikusten dute bere burua. Lehen beharra etxebizitza izatea duten errefuxiatuak ez daude behar bezala zainduta.
- Eremu degradatuak, hala nola Alde Zaharra, ez dute beharrezko bizitegi-arretarik.
Kezkaz bizi du plataformak errealitate hau. Instituzioen etxebizitza politikek “liskar sozial arduragabea” bilatzen dutela uste dute, “interes pribatu espekulatiboak lehenestuz”.
Udalaren arduragabekeria agerian
Udalbatzara eraman zituen, azaroaren 15ean bere, aldarrikapenak Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimenak, bizitegi-larrialdi egoera aitortzeko eta nuerriak hartzeko eskatuz.. Mozio bat planteatu zuten 6 neurri zehatz exijituz bizitegi-larrialdiari lehenbailehen erantzuteko. Neurri horien artean hurrengoak aurkitzen ziren:
- Udalaren jabetza diren 491 etxebizitzetan, 2018an hitzartutako 99 etxe hutsen birgaitze-lanak eta bizitegi-planak aurrera eramatea
- Hiru hilabeteko epean, premiazko jarduketa-plan bat aurkeztea bankuen, inbertsio-funtsen, pertsona juridikoen eta edukitzaile handien etxebizitza hutsei buruz, hirian hutsik dauden etxebizitzen zerrenda argitaratuz
- Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria onartzen ez den bitartean, udal-jabetzako etxebizitza hutska eraisteko planak bertan behera geldiaraztea, eta Olarizuko etxebizitzei dagokienez, urare sarbidea lehengoratzea.
- Udalak alokairuen indize bat egitea auzoka, bataz besteko prezioak, bataz besteko diru-sarrerak eta etxebizitzaren tipologia kontuan hartuta. bai eta, kanpaina publikoak egitea alokairurako etxebizitza eskuratzeko diskriminazioa salatzeko.
- Udalak bizitegi-larrialdietarako mahai bat eratzea
- Larrialdietarako Gizarte Zerbitzuen baliabideak gehitzea
Mozioa puntuz puntu bozkatu zen, EHBilduk eta Elkarrekin-Podemosek alde bozkatu zuten, PNV, PSE eta PP alderdiek, aldiz, aurka. Horren ondorioz mozioa ez zen aurrera atera eta “Derecho a Techo” plataformaren porposamenak atzera bota ziren, agerian geratzen da udalak gaiari heltzeko duen interes eza. Plataformak “premiazkoa” deritzo Gasteizek bizi duen bizitegi-larrialdiaren aukako neurri zehatzak hartzea, gaur egun Udalak aurrekontuaren 706.000 euro baino ez ditu bideratzen, 3 euro Gasteiztar bakoitzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!