Gasteizko jaietako gune alternatiboen gida praktikoa
Txosnak, Gaztetxea, Mugimendu Feminista, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko mobilizazioak, Hala Bediren urteurrena, GEU, Errekaleor, Gazte Karpa… Egitarau ofizialetik haratago dozenaka aukera egongo dira Gasteizko jaietaz modu alternatibo batean gozatzeko. Aukera ezberdinak bildu ditugu, eragile ezberdinen egitarauak, proposamenak eta protokoloak bilduz.
-
Txosna Batzordea
Aurten, aspaldi iragarri bezala, abuztuaren 3an, ostiralean, irekiko dira txosnak. Ostiralero Andra Maria Zuriaren plazan egiten den elkarretaratzetik abiatuko da kalejira txosnagunera; bertan, irekiera ekitaldian, OkupaTUGasteiz dinamikak jasoko du Txosnisaria. Hala ere, irekiera ekitaldi honen aurretik ere irekita egongo da Gasteizko Kanpuseko txosnagunea; Gazte Karpan kontzertuak egongo dira 17:00etatik.
Entxosnazio Eguna abuztuaren 6an, astelehenean, izango da. Hala ere, egunero kontzertuak, bazkariak eta aurreko urteetan baino eskaintza zabalagoa egongo da: txosna eta karpa ezberdinek afariak emango dituzte. Ekologismoaren aldeko apustua egin dute txosnek eta aurten ere Goiener enpresak hornituko du energiaz txosnagunea. Gainera, ohikoa den legez, birziklatu daitezkeen edalontziak erabiliko dituzte. Bestalde, aurten ere Herri Denda egongo da karpa nagusiaren alboan, eragile ezberdinetako materiala eskuratzeko aukera izanez. AiLaket!-ek ere postua jarriko du eta edozein substantzia bertan aztertzeko aukera egongo da.
-
Mugimendu Feminista
Txosna jarriko duen beste eragileetako bat Mugimendu Feminista izango da. Baina txosna jartzeaz gain, abuztuaren 8an Egun Feminista egingo dute Txosnagunean bertan: bazkaria, ekitaldia, pantojismo tailerra… Gasteizko Mugimendu Feministak eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztearekin batera, autodefentsa feministarako deia egin zuen. Izan ere, Gasteizko Txosnekin, GEU elkartearekin eta hainbat tabernekin elkarbanatutako protokoloa da landutakoa, 24 orduz salaketetarako telefonoa eskuragai izango duena: 688 74 44 11.
-
Gaztetxea
Muinoko etxeak larunbatean irekiko ditu ateak, Zeledonen jaitsierarekin batera. Apustu lokala egingo dute aurten eta bertako taldeek eta DJ-ak egongo dira larunbatetik asteazkenera etxeak 30 urte betetzen dituen honetan. Abuztuaren 9an, berriz, atsedena: Gaztetxea itxita egongo da jaietako azken egunean.
-
Gazte Karpa
‘Gazteongandik Gazteontzako’ izango da aurtengo Gazte Karparen leloa. Abuztuaren 3an 17:00etatik egongo dira ekintzak karpan, baina abuztuaren 7a izango da egunik handiena: Gazte Eguna. Bitartean, hamaika ekimen: Aldakan Beltz, mikro irekia, Tinko, pantojismo tailerra, Árida, umeen txokoa, Tara, Mindre Folklore, Ane Guria… Tinko taldeak egindako bideoklipa ikusteko sakatu hemen.
-
Errekaleor
Bigarren urtez txosna jarriko du Errekaleor Bizirik! eragileak Gasteizko Kanpusean. hamar egunez auzoa auzolan erraldoi batekin margotzen egon ostean irekiko dute txosna. Baina ez dira poteak zerbitzatzera mugatuko; izan ere, ekimen ezberdinak antolatu dituzte egun guztietan, bingo musikatutik hasita haurrentzako txokora arte.
-
Hala Bedi
35 urte beteko ditu Hala Bedik Gasteizko jaien erdian, abuztuaren 6an. Hori dela eta, Gazte Karparen alboan txosna bat jartzeaz gain, urteurrenaren egunean bost urtetik behin antolatzen duen farolen prozesioa egingo dute Hala Bedi tabernatik hasita 20:30ean. Momentuz, pista gutxi, irrati barruan ere: Mostoleseko elektrotxaranga batek gidatuko du prozesioa Txosnagunera arte, besterik ez.
Bestalde, Hala Bedi Taberna irekita egongo da egunero eta bazkaltzeko aukera eskainiko dute bertan. Menuan denetarik egongo da: entsalada, arroza karrillerekin, txipiroiak tintan, seitan gisatua, postrea, ura eta ardoa. Erreserbak egiteko: 945 19 88 86.
-
GEU
GEU Elkartea Gasteizko jaiei ongi etorria ematen lehena izango da: Aihotz plazan euskara edateko aukera egongo da abuztuaren 2tik 3ra bitartean. Lehenengo egunean, irekiera ekitaldiarekin batera, GEUre Saria banatuko dute. Gainontzeko orduetan, La Pulga, Euskaraldia, dantza plazan…
-
Preso eta iheslariak
Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko karpa txosnagunean egongo den arren, bi zita nagusi egongo dira abuztuaren 5ean, elkartasun egunean, urtez urte errotutakoak eta ohitura bilakatu direnak. Eguerdian bazkaria egingo dute Landatxon (tiketak jada salgai daude ohiko lekuetan) eta egun berdinean, arratsaldean, manifestazioa abiatuko da 20:30ean Txosnaguneraino. Bertan ekitaldia izango da, gaueko kontzertuei paso eman aurretik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!