Garoñaren desegitea 2023ko ekainean hasiko da
Ekainean hasi eta hamar urte inguru luzatuko dira Garoñako zentral nuklearra desegiteko lanak. Bi fasetan egingo dira, erreaktorea desegin aurretik igerilekuak husteko. Hondakinen %15 zentralean bertan geratuko da. through Alea.eus
Garoñako desegite prozesuko zuzendari Manuel Ondarok SER irratian jakitera eman duenez, 2023ko ekainean hasi eta 2033an amaituko dira desegite-lanak. Bi fasetan gauzatuko dute prozesua: lehendabizi, igerilekuak husteari ekingo diote; eta ondoren iritsiko da erreaktorearen desmuntatzea.
Hamar urte igaro dira Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Garoñaren jarduera etetea eta zentrala ixtea agindu zuenetik, 2012ko abenduaren 16an. Nolanahi ere, zentral nuklearraren jarduera 2018ra arte luzatu zen azkenean, itxiera bera eta desegite prozesua nabarmen atzeratuz.
2020an, Espainiako Gobernuak eta Nuclenorrek zentrala desegiteko lanak eta, ondoren, titulartasuna esleitu zizkioten hondakin erradioaktiboen tratamenduan espezializatutako Enresa enpresari. Orain, aginduzko agiriak aurkeztu ondoren eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren onespenarekin, laster hasiko dira lanak. Ondarok ziurtatu duenez, datorren urteko ekainean izango da hori: “Martxoan txosten teknikoa lortzea espero dugu, prestaketari lehenbailehen ekiteko”.
Bi fase: igerilekua eta erreaktorea
Proiektuaren arabera, prozesuak bi fase izango ditu, eta hamar urtez luzatuko da; hau da, 2023ra arte:
- Lehen fasea (3 urte): igerilekuak hustu, erregaia kudeatu eta turbinak desmuntatzeko prestaketa jarduerak.
- Bigarren fasea (7 urte): erreaktorearen ontziaren segmentazioa, askoz ere delikatuagoa.
Eta hondakinekin zer?
Behin betiko desegitearen ostean, hondakin erradioaktiboen %15 (jarduera handiko zein txikiko material erradioaktiboak) zentralean bertan geratuko dira behin-behinean, zigilatuta. Ondaroren arabera, “pertsonentzat eta ingurumenarentzat arriskurik gabe” egin ahal izango da hori. Hala ere, kritiko agertu da Ekologistak Martxan taldea: “Hondakin horiek ezin dira tratatu, biltegiratu bakarrik, eta erantzukizun hori guztiok hartu behar dugu”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!