Garbitzaileekin batera, langileentzako eskubide berdintasuna aldarrikatu dute Gasteizeko campusean egindako elkarretaratzean
Itaiak eta Unibertsitateko Indar Batasunak deituta, elkarretaratzea egin dute Arabako campuseko garbiketa zerbitzuko langileentzako lan baldintza duinak borrokatzeko. Zehazki, garbitzaileek ere aparkaleku zerbitzua erabili ahal izatea eskatzen dute.
EHUk ez dizkie lan baldintza egokiak bermatzen Arabako campuseko garbiketa zerbitzuko langileei, Itaia eta Unibertsitateko Indar Batasunarekin batera salatu dutenez. Elkarretaratzea egin zuten asteazkenean campusean bertan, Errektoretzan, eta dozenaka lagun elkartu ziren protestan.
Azaldu dutenez, garraio publikoaren ordutegia ez da uztargarria garbiketa zerbitzuko lanaldiaren hasierarekin, eta lanera garaiz iristeko “aukera bakarra garraio pribatua erabiltzea da”.
EHUk ez du baimentzen garbitzaileek langileentzako campuseko aparkalekua erabiltzea. Eman duten arrazoia “normatibak horrela erregulatzen duela” da. Itaia eta UIBk egin duten irakurketaren arabera, “ukatu” egiten die EHUk langile horiei aparkalekuan kotxea uzteko eskubidea, unibertsitateak berak erabaki dezakeelako normatiba hori.
Protesta deitu duten eragileek nabarmendu dute “langile guztiek lan baldintza berdinak” behar dituztela eta, horregatik, exijitu dute aparkalekua erabiltzeko baimena eta dagokien akreditazioa garbiketa zerbitzuko langileentzako.
EHUri egotzi diote “berdintasunaren aldeko diskurtsoa” izan arren, ez duela “inolako borondaterik erakutsi aipatutako langileen lan baldintzak hobetzeko”, eta langileen arteko “mailakatzea” areagotzen duela horrelako arauekin.
Bestalde, gogorarazi dute garbiketako sektoreko lan baldintzak hobetzeko borroka asko abiatzen badira ere, “modu isolatuan eta ia babes sozial eta mediatikorik gabe” egiten direla. Horregatik, borroka horiek “lehen lerrora ekarri” eta “batasunaren bitartez gaitasunak handitzea” dute lehentasuntzat.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!