Garazi Arrula: “Txunditu egiten nau batzuetan zer urrun gauden elkarrengandik; hurbilekoekin ere zenbat gauza isiltzen diren; zer oker gauden segurutzat ditugun bestearen kontuez”
Garazi Arrula Ruizek (Tafalla, 1987) itzulpengintza eta interpretazioa lizentzia ikasi zuen eta orain tesia egiten ari da autoitzulpenaren arloan. Haurrentzako eta helduentzako zenbait literatura lan ekarri ditu euskarara; besteak beste, Walter Benjamin, Anaïs Nin eta Amélie Nothomben obra bana. “Gu orduko hauek” du lehen liburua. Mikel Soto Txalapartako editorea berarekin solastu da.
Gerta liteke norbaitek pentsatzea itzulpengintzatik sorkuntzara pasatzen zarela baina aspalditik idazten duzu zuk edo, hobeto esanda, sekulan ez diozu utzi idazteari, ezta? Hala ere, zer dela eta animatu zara orain ipuin-liburu hau argitaratzera?
Uste dut oreka kontua dela: nire balantzan, gehiago pisatzen zuen ipuinak tiradera batean gordetzen segitzeak; beraz, duela lauzpabost urte erabaki nuen ordutik aurrera idazten nituenak argitaratzeko izanen zirela. Eperik gabe, eta usteltzen utzi gabe. Liburuan bildutakoak baino gehiago dira ordutik idatzitakoak; hautaketa egin, eta hau atera da.
Jon Jimenez lankidearekin hizketan komentatzen nuen sentsazioa nuela ipuin-liburu honek kolore berri batzuk ekartzen zizkiola euskal literaturari. Beharbada handiusteegia izateagatik ez zaizu baieztapena gustatuko, baina zure jaioterria den Tafalla osatzen duten eta Tafalla bera diren kolore guzti horiek indar
handiz daude zenbait ipuinetan. Alegia, besteak zioenez, «si canta Tafalla, canta Euskal Herria»…
Arrazoi duzu, ez zait baieztapena gehiegi gustatu, kar, kar. Tafalla badago ipuinetan; nahita, noski, eta hala ere aunitz hausnartu gabekoa da. Ez dago inolako kolorerik ekartzeko saiakerarik, behintzat.
Gizakion arteko distantzia, inkomunikazioa, zure ipuinen gai nagusietako bat dela esango nuke. Hori dago, maila handi batean, liburuari izenburua ematen dion «Gu orduko hauek» ipuinaren oinarrian, ezta?
Asmoa hori zen, bai. Txunditu egiten nau batzuetan zer urrun gauden elkarrengandik; hurbilekoekin ere zenbat gauza isiltzen diren; zer oker gauden segurutzat ditugun bestearen kontuez. Besteengandik gordetzen ditugun gauza horiek behar ditugu bizitzeko, akaso.
Asko gustatzen zait gizakion baitan gertatzen diren barne-prozesuak edo sentimenduak ekintza bilakatzeko egiten duten bidaia kontatzeko duzun modua. Pertsonak azaltzeko edo ulertzeko idazten duzu?
Ez, ez da halakorik. Ez dakit asmo batekin idazten dudan. Izatekotan, ez ahazteko idazten dut; ezagutzen nautenek badakite zer memoria txarra dudan.
Hainbat ipuinek badute, nolabait esateko, ukitu fantastiko bat edo, fantastikoa baino «magikoa». Garai bateko Hegoamerikako errealismo magikoa etorri zait burura, batez ere «Belar txarrak» baina baita ere «Abian» ipuinak irakurritakoan. Julio Cortazarrek fantastikoari buruzko bere nozioa errealismotik gehiegi aldentzen ez zela zioen, zurea?
Fantastikoa da errealitatea. Orain Katalunian gertatzen ari dena ez da fantastikoa? Ipuinetan kontatzen dudana ez zait iruditzen denik polizia harripean boto-paperak bilatzen ibiltzea baino fantastikoagoa.
Hala ere, zabar esanda, “gizarte gaiak” ere jorratu dituzu ipuinotan: herri harresiak, arrazismoa… Zure ipuinetan gai horiek, nolabait esateko, dekoratua dira ala jomuga?
Oso garrantzia gutxi ematen zaio dekoratuari. Guztia alda dezake dekoratuak. Gela huts baten erdian harri bat jarriz gero, hamaika galdera sortzen dira. Harria beharrean elefantea jarriz gero, zer esanik ez. Pertsonaiak harriarekin tupust egin dezake, bere buruaz beste, edo harria ikusi ere ez du ikusiko. Dekoratua deskribapenean baizik azaldu ez arren, egon badago.
Zergatik eman diozu liburuari “Gu orduko hauek” ipuinaren izena?
Gu pluraleko lehen pertsona da. Norbera parte den kolektiboa adierazten du, beraz. Atxikimendu sentimendu bat, eta, aldi berean, multzo horretan ez daudenekiko diferentzia. Orduko-k distantzia dakar gogora, iragan den garaia; denborazko distantzia, nahitaez fisikoa, lekuzkoa ere badena. Hauek, berriz, erakusle hurbilena da; ingurukoak adierazten ditu, nahiz eta norbera ez den zaku horretako parte. Hirurak elkarrekin jarriz gero, multzo bakarrean, iruditzen zait bereizketa horiek guztiak apurtzen eta era berean ikusgarri egiten direla.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!