Galder Barbado eta Aitor Zelaia espetxez lekualdatu dituzte
Bi gazteak Soto del Realetik (Madril) Darokara (Zaragoza) mugitu dituzte. Oier Urrutia eta Unai Lopez de Okariz preso politiko gasteiztarrak ere datozen egunetan lekualdatuko dituzte: Logroñora eta Darokara hurrenez hurren. Idoia Martínez Aiaraldeko presoa A Lamatik Billabonara mugitzea espero da.
Otsaila hasieratik daude espetxeratuta Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrak, Delikan eta Gasteizen Ertzaintzak atxilotu zituen bi gazteak. Atxiloketen ostean, espetxeratzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Maria Tardonek eta Soto del Realeko (Madril) kartzelan egon dira egun gutxira arte.
Azken egunetan, ordea, biak ala biak Darokako espetxera, Zaragozara, mugitu dituzte (Helbidea: Ctra. Nombravilla, s/n, 50360 Daroca, Zaragoza) Dispertsatuta jarraituko dute beraz, baldintzapeko espetxean.
Gazteek ukatu egin zuten duela hilabete batzuk Dura herrian atzeman zuten bidoiarekin eta bertan zegoen materialarekin zerikusirik izatea eta, gainera, epailearen aurrean adierazi zuten bat egiten dutela Ezker Abertzalearen estrategia politikoarekin.
Espetxeratzea agindu eta egun gutxira, Ezker Abertzaleak berak deituta, Araba mailako manifestazioa egin zen Gasteizen bi gazteen askatasuna eskatzeko, milaka lagun bilduz. Horretaz gain, otsaileko azken ostiralean argazki masiboa atera zuten ‘Aitor eta Galder eusti gogor’ lelopean.
Lekualdatze gehiago
Gainera, hainbat hedabidek azaldu dutenez, Unai Lopez de Okariz ‘Dimitri’ preso politiko gasteiztarra ere Granadako espetxetik (Andaluzia) Darokakora mugituko dute datozen egunetan.
Harekin batera, Oier Urrutia A Lamako espetxetik (Pontevedra) Logroñokora mugituko dute.
Bestalde, Idoia Martínez Aiaraldeko presoa ere A Lamatik (Pontevedra) Billabonara (Asturias) mugituko dute. Dispertsatuta jarraituko dute hirurek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!