Galdeketa egingo du Gure Esku Dagok azaroaren 5ean Otxandion
Hamahiru herritako biztanleak daude deituta azaroaren 5eko herri galdeketan parte hartzera. Bizkaira eta Gipuzkoara mugatuko dira galdeketak. Araban, orain arte, hiru herri ezberdinetan egin dituzte galdeketak, hirurak Gorbeialdean.
Gure Esku Dagok antolatuta, herri galdeketen beste olatu bat dator azaroaren 5ean. Olatu hori Otxandiora iritsiko da, beste hamabi herrietara iritsiko den bezala, guztiak Bizkaian edo Gipuzkoan: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu eta Leioa.
Guztira, 13 herri hauetan 160.000 biztanle bizi dira eta Getxo izango da handiena, 60.000 biztanlerekin -orain arte galdeketa egin dutenetatik handiena izango da-.
Otxandion, Gure Esku Dagoren herri galdeketarako protokoloak eskatzen duen sinadura kopurua jaso dute jada eta hamaika boluntario daude lanean urtebete inguru. Gure Esku dagok adierazi duenez, “helburua hautetsontziak kalera ateratzea da, herritarrek normaltasun osoz parte hartuz herri galdeketan”.
Hiru herri galdeketa egin dira orain arte Araban, hirurak Gorbeialdean: Aramaion, Legution eta Urkabustaizen. Aramaion, parte hartzeak %50a gainditu zuen. 2018an, aldiz, Gasteizen egin nahi du herri galdeketa Gure Esku Dagok.
Orain arteko emaitzak ikusteko klikatu hemen.
*Hala Bedik, nahiz eta Arabako Herri Mugimenduaren egunerokotasunera mugatu, kokapen geografikoa kontutan hartuz, Otxandio eta Urduña bezalako herrien egunerokotasunaren berri ematen du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!