Final Four Gasteizen: nola gastatu lau milioi poltsa publikotik legez kanpoko hitzarmen batekin
Eusko Jaurlaritzaren txosten juridiko baten arabera, Gasteizen Euroligako Final Fourra antolatzeko hitzarmena ez da legezkoa hainbat puntutan. Aurretik, Gasteizko Udaleko zerbitzu juridikoek ere antzeko zerbait adierazi zuten.
Ser irrati kateak argitaratu duenez, bi txosten juridiko zeuzkan Jaurlaritzak Euroligarekin hitzartutakoaren lege-hausteak aipatuz, baita hirugarren dokumentu bat ere, aurreko bien osagarri.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak Euroligarekin sinatutako hitzarmenaren punturik polemikoena marko legalarekin lotuta dago, Suitzakoa ezartzen baitu erreferentzia gisa Espainiako Estatukoa beharrean. Eta hori, Jaurlaritzako teknikarien arabera, legearen kontrakoa da.
Horrek eragin zuzena du hitzarmena sinatu dutenen artean gatazkaren bat sortuko balitz eragingo lukeen egoeran: euskal erakundeek Luganon dagoen nazioarteko epaitegi batera jo beharko lukete.
Prisa taldeko irratiaren arabera, iazko azaroan ezagutu zen Gasteizko Udalaren txosten juridikoan aipatzen diren problemen antzekoak aurkitu dituzte Jaurlaritzako legelariek ere.
Marko legala ez da Jaurlaritzaren txostenetan agertzen den lege-hauste bakarra. Erakunde publikoek finalaren antolaketarako lau milioi euro gastatuko dituztela dio hitzarmenak, baina ekitaldiaren aurrekontu osoa zenbatekoa den ez da zehazten, legeak hori egitera behartzen duen arren.
Horrez gain, Euroligak eta erakundeek adostutakoa beteko ez balute izango liratekeen ondorioak ere ez daude argi hitzarmenean: ez dira zehazten alde bakoitzaren ardura-kuotak, ezta ordainketak berandu eginez gero aplikatuko liratekeen gain-ordainketak –Euroligak %3 gehiago kobratuko luke instituzioen atzerapen baten kasuan–.
Eta badira beste hutsune batzuk ere, hala nola, hitzarmena betetzen den zaintzeko jarraipen-batzorderik ez aurreikustea edo ekitaldiaren segurtasuna noren ardura den argi ez zehaztea.
Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!