Ez dago arrazoi teknikorik Gasteizko Mendiak parke natural ez deklaratzeko
Otsailean iragarri zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak beste babes figura baten aldeko apustua egiten zutela, eremua hasieran aurreikusitakotik heren batera murriztuta. EH Bilduk salatu du «erabaki politikoa» dela Gasteizko Mendiak parke natural ez deklaratzea.
EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok salatu du Gasteizko Mendiak parke natural ez deklaratzeko erabakia «politikoa» dela. Batzar Nagusietan egindako adierazpenetan, kezka adierazi du Fernandez de Pinedok; izan ere, ezagutzen den Foru Aldundiko teknikarien txosten bakarrak ondorioztatu du «ez dagoela argudio teknikorik Gasteizko Mendiak parke natural deklaratzeari uko egiteko».
2014koa da txosten hori eta, bozeramailearen esanetan, hori da gaiaren inguruan dagoen bakarra, beraz, parke naturalaren ideia alde batera uztea «erabaki politikoa» da: «Ez dago txosten teknikorik horren aurka egiten duenik».
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak otsailean egindako azken proposamenean, hasieran aurreikusitakotik 7.000 hektarea babes eremutik kanpo geratu dira, beraz, heren batera murriztu da babes eremua. Babes eremutik kanpo geratzen diren lurren artean daude, gainera, balio natural handieneko eremuak fauna eta flora aldetik, Okinan, Kapilduin eta Azazetan, besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!