“Ez da sexu-abusua, talde-bortxaketa da”, justizia egarria plazara
Milaka emakume atera dira Gasteizko kaleetara “La Manadaren” aurkako sententzia salatzeko. Elkarretaratzea izango zena, manifestazio bihurtu da eta epaitegietan eserialdia egin dute. Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin tentsio uneak egon dira eta hainbat manifestari identifikatu dituzte. Aiaraldean, Legution eta Agurainen ere elkarretaratze zaratatsuak egin dituzte.
Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan milaka emakume elkartu dira “La Manadaren” aurkako sententzia salatzeko. Bandera moreak, mezu ezberdinez osatutako kartelak eta “nik sinisten dizut” mezua bor-bor sarean. Elkarretaratzearen hasieran irakurketa egin dute eta manifestazioa abiatu dute epaitegietaraino, nahiz eta hau aurreikusita ez egon.
Bertan, eserialdi jendetsua egin dute eta tentsio uneak egon dira Ertzaintzarekin: manifestariak identifikatzen saiatu dira, Mozal Legearekin mehatxatuz. Hala ere, ez diete poliziei euren nortasun agiriak erakutsi. Alboko taberna batean, Udaltzaingoak manifestariak identifikatu ditu, “errepidea mozteagatik”.
Mugimendu Feministak “sinesgarritasun eta aitortza kolektiboa” egiteko bildu direla nabarmendu dute. “Nahiz eta, justizia instituzioek hori ez aitortu, guk sinisten dizugu”, adierazi dute.
Larritzat jo dute bortxaketa gisa ez aitortzea 2016ko San Ferminetan bost gizonek emakume bat behartu eta bortxatu izana. “Epaitegiak ez daude emakumeon gorputzaren eta bizitzaren gaineko askatasuna defendatzeko, eta, bai aldiz, sistema honen ordena patriarkala eta misoginoa iraunarazteko. Horregatik, egoera honek argiki mahai-gaineratzen du, baita beste askok ere, urgentziaz, egungo sistema judizialaren inguruko gogoeta herritar bat behar dugula”.
“Epaitegiak ez daude emakumeon gorputzaren eta bizitzaren gaineko askatasuna defendatzeko”
Hala ere, emakumeen aurkako eraso matxistak “eguneroko errealitatea” direla gogoratu dute, “indarkeria sistema kapitalista patriarkal honek duen ezinbesteko tresna baita, jendartean dauden botere-harremanak iraunarazteko”.
Borrokan jarraituko dutela gogorarazi diete instituzio eta arduradun politiko eta sozial ezberdinei, autodefentsa feministaz, emakumeak ahalduntzen. Baina hau “arazo politiko bat” dela esan dute; hortaz, irtenbideak askotariko eremuetatik jorratzea ezinbestekotzat jo dute: eskoletan, etxeetan, instituzioetan, epaitegietan… “Konpromiso politikoa eta soziala beharrezkoak dira, egiturazkoa den emakumeon kontrako biolentziari aurre egiteko”.
Sexu abusu delituagatik zigortu ditu auzitegiak “La Manadako” bost kideak, eta ez sexu erasoagatik. Urruntze agindua ere ezarri diete, eta 50.000 euroko kalte-ordain bana ordaindu beharko diote biktimari. Akusazioek 22 urtetik gorako zigorrak eskatuak zituzten, eta defentsak, absoluzioa. Hala ere, alde guztiek errekurrituko dute.
Argazkiak | Hala Klik
Aiaraldean ere elkarretaratze jendetsuak egin dituzte 19:00etatik aurrera Laudion eta Amurrion. Agurain eta Zuiako udaletxeen aurrean ere dozenaka emakume bildu dira eta Legution ere “La Manadaren” aurkako sententzia salatu dute.
Mendialdean, apirilaren 27an egingo dute elkarretaratzea. Kazerolada formatua izango du, 19:00etatik aurrera Kanpezuko plazan, Lamingorriak eragile feministak deituta. Aramaion ere, 19:00etatik aurrera elkartuko dira.
Apirilaren 27an ere, Aiaraldea mailako ekimena egin dute Amurrioko epaitegietan, hauek inguratuz.
Jende andana bildu da Amurrioko epaitegiaren aurrean Iruñeko erasotzaileen epaia salatzeko pic.twitter.com/ZMwEmLAu6w
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) April 27, 2018
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!