Eusko Jaurlaritzak FITUR azokan LGTBI kolektiboen erabilera egiten duela salatu du Lumagorri-k
Lumagorri HAT elkarteak, Lakuako “ezjakintasuna” agerian uzten dituen “akats larriak” kritikatu ditu. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako gidan ez dira agertzen Lumagorri bezalako elkarteek, adibidez, eraso homofobo, lesbofobo edo transfoboak pairatzen dituztenei laguntzeko dituzten telefonoak edota protokoloak.
Aste honetan zehar, Eusko Jaurlaritzak stand propioa izan du FITUR LGTBI atalean, Madrilen. Ekitaldi horretarako, Alfredo Retortillok zuzentzen duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak euskal kulturarekin zerikusia duten hainbat alderdiren berri ematen duen gida argitaratu du, disidentzia sexualaren eremuan euskal hiriburu bakoitzean lan egiten duten kolektibo ezberdinak zerrendatu eta deskribatzen dituena.
Lumagorri HAT elkarteak salatu duenez, gida honetan Gasteizko LGTBI elkarte-sarearen ezjakintasuna agerian geratu da. Gidak, gay, lesbiana eta trans pertsonen arretarako udal-zerbitzua aipatzen du. Hala ere, “Enfasis” zerbitzua 2010ean desagertu zen eta Eusko Jaurlaritzak berak kudeatutako “Berdindu” zerbitzuagatik ordezkatuta izan zen.
“Urkulluren Gobernuak bere gobernutik kudeatzen diren zerbitzuak ez ezagutzea lotsagarria da”, salatu dute Lumagorri-tik. Gainera, elkarteak salatu duenez, “gida horretan agertzen diren LGTBI erakundeok ez gara informatuak izan. Ez gure izena aipatzeko, ezta Eusko Jaurlaritzak zabaltzeko dituen asmoen inguruan ere ez. Agerian geratu da Gobernu honek disidentzia sexualaren arloan lan egiten dugun erakunde batzuk, gutxienez, ez dituela solaskide.
Gaineratu dutenez, “Gida hori argitaratzea egunero heterosexismorik gabeko euskal jendarte baten alde borrokatzen dugunoi mespretxu egitea da”.
Heteroarauaren aurka borrokatzen dugun mugimenduak, gutxietsita
FITUR LGTBn parte hartzeari dagokionez, Lumagorritik adierazi dutenez, “Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko kaleetan heteroarauaren aurka egunero borrokatzen dugun mugimenduak gutxiesten ditu. Gobernuaren interes bakarra turisten poltsikoan dago, eta, hala ere, ez zaie jakinarazten Lumagorri bezalako elkarteek, adibidez, eraso homofobo, lesbofobo edo transfoboak pairatzen dituztenei laguntzeko dituzten telefonoak edota protokoloak“.
“FITUR-en eta Pride-en ekimenak, adibidez, gure gorputzei eta desioei prezioa jartzen dizkieten ekimenak dira. Ez datoz eredu ez heterosexista bat defendatzera, arau homosexual zuri eta kapitalista bat ezartzera baizik. Guk, aurka egingo diogu; gure gorputzak eta desioak ez daude salgay”, adierazi dute Lumagorri-tik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!