Euskarazko hedabideak babestu eta sustatzeko jaia egingo dute maiatzaren 12an
“Artziniegan euskaraz bizi nahi dugu! Euskarazko hedabideak babestu eta sustatu” lemapean elkartasun jaia prestatu dute Artziniegako elkarteek maiatzaren 12rako.
Aiaraldea.eus bidez
Artziniegako herritar eta elkarte ugarik Aiaraldea hedabidea babesteko elkartasun jaia antolatu dute. Maiatzaren 12an izango da zita, Artziniegako frontoian. Herritarrek eta elkarteek elkarlanean prestatu dute egitaraua, eta egun osoan zehar bildutako dirua komunikabideari emango diote. Horrez gain, Udalari euskara eta hizkuntzaren normalizazioa lehentasunezkoa izatea eskatuko diote, baita hedabidearen diru-laguntza ahal bezain pronto berrezartzeko konpromisoa ere. Izan ere, hedabidearekin zuen hitzarmena kendu zuen EAJren gobernu taldeak apirileko udalbatzan, aurrekontuen bozketan PPren abstentzioa lortzeko.
Babes dinamika
Udalaren erabakia salatzeko manifestua aurkeztu zuten eremu ezberdinetako herritarrek aste hasieran. Elkarteengan ere eragin du oihartzuna aferak, horren adibide da Aiaraldeari babesa emateko Artziniegan sortutako babes taldea.
Euskararen normalizazioan eta sustapenean duen garrantzitik harago, elkarte eta herritar ugariri egin dio ekarpena komunikabideak sortu zenetik. Horren adierazle da azken asteetan jasotako babes andana. Hori dela eta, elkartasun festa proposatu dute artziniegarrek; Aiaraldea hedabideari babes soziala eta ekonomikoa adierazteko. Adin guztientzako ekintzekin aldarrikatuko dute Artziniegan ere euskaraz bizi nahi dutela; eta horretarako ezinbestekoa dela euskara sustatzeko proiektuak bultzatzea. Modu horretan, baliabide ekonomiko gehiago eskaini behar zaizkiola euskararen normalizazioari nabarmendu nahi dute, eta Aiaraldea hedabidea tresna estrategikoa dela euskararen, elkarteen eta herriaren zabalpenean azpimarratu.
EGITARAUA
- 11:00 // EUSKARAREN ALTXORRAREN BILA haur eta gurasoentzat ginkana jolasa, Alde Zaharrean
- 11:30 // ARTZIKIROL SAIOA Amurrioko eta Artziniegako emakume taldeen partida
- 12:30 // TALO TAILERRA Artziniega Museoaren eskutik
- 12:30 // HERRI KIROLEN ERAKUSTALDIA Bizindar kirol taldeko kideekin
- 13:30 // KANTU-POTEOA Bleibet abesbatzarekin
- 14:30 // PARRILLADA-BAZKARIA Otsati elkartearen laguntzaz
- 16:00 // DANTZA PLAZA Artziniegako trikiti irakaslearekin
- 17:00 // DISKOTXANTXA haurren ikuskizuna
- 18:00 // TXOKOLATE JANA Hiriska emakume taldearekin
- 18:30 // TRAKAMATRAKA musika-show tailerra, Artziniegako Rock Elkartearen eskutik
- 19:00 // BERTSOPOTEOA Izar Mendiguren eta Manex Agirrerekin, Aiaraldeko Bertso Eskolaren izenean
- 20:00 // KONTZERTUA Barau taldearekin
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!