“Etengabeko hazkundea” -Blanca Urgell-
Gaurkoan Blanca Urgell izan dugu iritzi tartea betetzeko.
Etengabeko hazkundea
Ezin dut burutik kendu Elena nire lagunak esan didana. Elena autonomoa da, ez oso
ondo doan negozio txiki baten jabe, langile bakarra bere burua duena. Ba, aisialdiko orduak
interneten ematen ditu, bai eta lotan eman beharko lituzkeen ordu batzuk ere. Engantxatuta dago
bertan aurkitu duen mundu paraleloaz, edo horren mendean dago, hiztegiak txukunago
proposatzen didanez.
Elenak beti dauka han zeregina. Adiskideak ere egin ditu, talde bat, gizon-emakumeak,
astean behin “gelditzen” dena —kakotx artean esan dut „gelditzen“, nahiz zuek ez duzuen
ikusi—. Baina garrantzizkoena hauxe: etengabe dago gauzak egiten, etengabe gauza berriak
egiten. Beti dauka zerbait gehiago kontatzeko: joan den hilean bideoak egiten ikasi zuen; hile
honetan erosketa-inbutu batekin dabil borrokan, aski egitura konplexua eratu behar baita
osatzeko. Erosketa-inbutu bat zer den? Galdetu berari: neu ez naiz behin ere horrelakoetan ibili.
Ala bai, agian inbutuan barrena sartu naiz dagoenekoz, eta ez naiz asko konturatu, ez dakit.
Hasieran Elena desbideratzen ari zelako sentsazioa neukan, errealitatetik aldentzen ari
zela uste nuen, azken erlaziotik gaizki atera izanaren ondorio txarra, sekta moduren batean
sartzen zebilela pentsatzera ere heldu nintzen. Badakizue: besteen bizitza epaitzeko daukagun
ziurtasun ergel horrekin. Gure begiko haga ikusi ez, eta… pfff. Baina gaur lotura sentitu dut,
arimakidetasuna.
Baliteke misantropia puntu bat ere partekatzea biok, besteak osotoro ulertzeko
zailtasunen bat, serietik datorkiguna, elkar ezagutu genuenetik nola edo hala batu gaituena.
Baliteke, baina gaur alderdi positiboari begiratu diot eta ohartu naiz etengabe ikasteko gogoa ere
partekatzen dugula Elenak eta biok. Lehen ez nuen uste, urrun baikaude heziketaren eta
zaletasunen aldetik, oro har. Dena dela, gaur argi ikusi dut Elena mendekotasun horretan
sarrarazi duena ez dela ihesa, baizik eta bilaketa. Bere buruaren bilaketa ere bai, nik uste. Bere
determinazioa gustatu zait: helburua garbi izan, eta presarik ez izatea. Ez dakizunaz ez lotsatzea,
baizik eta behin ez dakizula jakinez gero, hutsunea betetzeko ahaleginak egitea. Zeure buruaren
mugak mugagabeak direla sinistu ez, eta betiere balizko muga horiek egongo liratekeen
hartaraino itsuka jotzea, behin eta berriz, nekeak neke, norberaren hazkunde etengabekoan.
Hemen entzungai:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!