Espetxe politika aldatzearen aldeko mobilizazioak izango dira Arabako hamabost herritan
Salbuespenezko espetxe politikaren aurkako aldarria herriz herri zabalduko da aurten. Urtarrilaren 9ko mobilizazioak Euskal Herriko 200 herri eta auzo baino gehiagotara iritsiko dira 17:30ean. Araban mobilizazioak izango dira hamabost udalerritan. through Alea.eus
Osasun krisiaren ondorioz, aurten ezinezkoa izango da urtero Bilbon antolatu ohi den manifestazio erraldoia egitea. Horregatik, Sare Herritarraren deialdiak herriz herri izango dira 2021ean, Etxerako, elkarbizitzarako, bakerako bidea gara lelopean. Mobilizazio guztiak aldi berean izango dira, larunbateko 17:30ean; mobilizazio nagusiak behintzat, egunean zehar ekimen gehiago izango baitira herri zein auzoetan.
Urtarrilaren 9an, 11:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian batuko dira alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkariak, bertan antolatuko den ekitaldi nagusian. “Azken urte eta hilabeteetan agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde emandako urratsak balioan jarri eta bide hau batera egiten jarraitzeko mezua luzatzeko” asmoa izango du ekitaldiak.
Arratsaldeko mobilizazioak
Bilbora ez ezik, Euskal Herriko hiriburu guztietara eta ehunka herri zein auzoetara deszentralizatuko da arratsaldeko mobilizazio nagusia. Giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak… aniztasuna ez da faltako mobilizazio berezi honetan.
Hori bai, mobilizazio guztiek ekimen bateratu bat izango dute: “Argiztatutako bidea”, hau da, mugikorreko argiak baliatuz osatutako argazkia. Sare sozialetan zabaldu dute irudia, eta sakeleko telefonoan deskargatzeko dei egin dute, mobilizazio guztietan erabiltzeko.
Arabaren kasuan, Gasteizen eta lurraldeko beste hamalau udalerritan era guztietako deialdiak izango dira, 17:30ean:
- Gasteiz: manifestazioa Artium Museotik. Horren aurretik, zutabeak osatuko dira hiriburuko auzoetan:
- Judimendi: 16:00etan Sefarad plazatik.
- Zabalgana: 16:15ean Nazio Batuen biribilgunetik.
- Salburua: 16:30ean Citroen kontzesionariotik.
- Txagorritxu: 16:45ean Europa Jauregitik.
- Adurtza: 16:45ean San Cristobal elizatik.
- Agurain: San Juan plazatik.
- Amurrio: Herriko plazatik.
- Espejo: Herriko frontoian.
- Guardia: Plaza Berrian.
- Kanpezu: Herriko plazan.
- Laudio: Aldai plazatik.
- Legutio: Herriko plazan.
- Maeztu: Frontoiko plazan.
- Okondo: Farmazia aurrean.
- Trebiñu: Herriko plazan.
- Urizaharra: Bus geltokian.
- Urkabustaiz: Herriko plazan.
- Zigoitia: Herriko plazan.
- Zuia: Murgiako plazan.
Bi aldarri nagusi
“2021. urte berria salbuespenezko espetxe politikaren aldaketaren urtea izatea” nahi du Sare Herritarrak, eta horixe bera eskatuko du herriz herri: “Ezinbesteko baldintza da konponbidearen bidean, eta elkarbizitzan aurrera egiten jarraitzeko”.
Horrenbestez, eta azken hilabeteetan espetxe politikan eman diren aurrerapausoak azpimarratuz ere, bi aldarri nagusi gailenduko dira aurtengo mobilizazioetan: alde batetik, urruntze politikarekin “behingoz” amaitzea aldarrikatu du Sarek; horrekin batera, gradu progresioa ezartzeko eskakizuna plazaratu du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!