ESK sindikatuak salatu du atzo ez zegoela medikurik Laudioko anbulatorioan 42 urteko herritar bat hil zenean
Bi erizain baino ez zeuden atzo Laudioko anbulatorioko larrialdi zerbitzuan. through Aiaraldea.eus
ESK sindikatuak oharra zabaldu du salatzeko atzo egoera oso larriak gertatu zirela Osakidetzako larrialdi zerbitzuari lotuta eta horietako bat Laudion jazo zela.
Hain zuzen, atzo 42 urteko gizonezko bat zendu zen Laudioko anbulatorioan bihotzekoa izan ondoren. Krisialdiari aurre egiteko bi erizain baino ez zeuden eta zaintza intentsiboko unitate lanak betetzen dituen anbulantzia beranduago heldu zen tokira. Ertzaintzak berak egiaztatu zuen heriotza 22:30ak baino lehen.
Aiaraldea Komunikabidea eskualdeko zenbait osasun profesionalekin jarri da harremanetan eta guztiek ziurtatu dute Etengabeko Arreta Gune batean derrigorrezkoa dela mediku bat egotea gaixoak artatzeko. Halaber, Osakidetzako langile batek -anbulatoriokoa, hain zuzen- adierazi du ohikoa bilakatu dela medikurik ez egotea larrialdietan eta ardura guztia erizainen esku egotea. Beste mediku batek adierazpen bera egin du Amurrioko Etengabeko Arreta Guneari buruz.
ESK-k, bere aldetik, salatu du, halaber, Gasteizen beste bi herritar hil zirela auto istripu baten ondorioz atzo eta hiriburuko Koordinazio Zentroan ere ez zegoela medikurik. Horregatik guztiagatik, Miren Gotzone Sagarduy Osasun Sailburuaren dimisioa exijitu du sindikatuak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!