ESK sindikatuak eta Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataformek rokodromoen baldintza kaskarrak salatu dituzte
Hiru langile kaleratu eta udal rokodromoen baldintzak nabarmen jaitsi dira
Dagoeneko hilabete baino gehiago pasa da Gasteizko udal rokodromoak ireki zirela eta erabiltzaileek aurretik iragarri zutena egiaztatu da: zerbitzuaren kalitatearen murrizketa, prezioen igoera (itxieraren aurretik hilabeteko, hiruhileko edo urteko abonoa egiteko aukera zegoen; orain egunekoa edo hilabetekoa bakarrik) eta instalazioen irekiera ordutegiaren murrizketa itzela.
Hori gutxi balitz, Ebone Servicios Educativos y Deporte SL enpresaren kudeaketarekin 3 langile kaleratuak izan dira subrogatuak izan ez direlako.
Honela azaldu dute Eskalatzaileak Sutan plataformako kideek: “Berrirekierarekin, Gasteizko udaletxeak gatazka amaitutzat ematen duela dirudi, baina eskalatzaileok argi daukagu ez dugula rokodromoen kudeaketa edonolako baldintzetan onartuko”.
Udalak ez digu galdetu izan zeintzuk diren erabiltzaileon beharrak. Zertarako nahi dugu hirugarren rokodromo bat ez bada kalitatezko kudeaketa bermatzen?”. Ordutegiaren murrizketari esker, askok eskalatu ezin dutela eta eskaladako hastapenak egin nahi dituen pertsonak aukera gabe uzten dituztela ere salatu dute, formakuntza kurtsoen faltagatik.
Hiru langile, kaleratuak
Orain arte instalazioak kudeatzen zituzten hiru langile ere kaleratuak izan dira. Hau horrela, plataformako kideek, instalazio publikoen kudeaketa zuzena ere aldarrikatu dute: “Zerbitzu publiko batek prekarietate maila hau eman ahal izatea onartezina iruditzen zaigu eta ez dugu inolaz ere egoera hau onartuko. Hau ez da gure instalazio publikoentzat nahi dugun kudeaketa”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!