Ertzaintzaren instalazioetatik ibaira gasolioa isuri dela salatu dute, laugarren aldiz
Zadorra Bizirik! plataformak jakitera eman duenez, Ertzaintzaren Arkautiko Akademiatik Errekabarri ibaira gasolioa isuri da hilabete honen hasieran. Azken urteetan izan den laugarren gasolio isuria omen da.
Kezka eta gaitzespena adierazi ditu Zadorra Bizirik! plataforma ekologistak Ertzaintzaren Arkautiko akademiak Errekabarri ibaira gasolio-isuriak egin eta gero. Jazotakoak “agerian utzi du behin eta berriz axolagabekeriaz jokatu dela”, esan dute.
Urtarrilaren 2an detektatu zuten isuriaren berri. Urgentziazko neurriak hartu zituzten orduan isuria gehiago zabaldu ez zedin. Adibidez, hidrokarburoak xurgatzeko hesiak jarri zituzten ibaiaren ibilguan. Hala ere, gasolio gehiegi geratu zen akademiako araztegian eta zisterna-kamioien bidez atera behar izan zuten.
Urtarrilaren 7an areagotu zen egoeraren larritasuna. Zadorra Bizirik-en arabera, euriteek lurreko gasolioa azalera ekarri zuten, usain handia sortuz eta “kutsatzaile kopuru oso handia errekara eramanez”. Bereziki larria da hori, nazioarteko garrantzia duten Salburuko hezeguneei eragin dakiokeelako. “Horrek agerian utzi ditu egungo prebentzio-neurrien eraginkortasunik eza eta behin betiko irtenbide eraginkorragoak ezartzeko premia”, adierazi du Zadorra Bizirik-ek.
Azken urteetan izan den laugarren gasolio isuria dela azpimarratu dute, arduraz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!