Ertzaintza ikasleen aurka oldartu da, Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioan
Baimen eza argudiatuta, Ertzaintza Gasteizko Kanpuseko ikasleen aurka oldartu da, hainbat ikasle kolpatuz. Datozen egunetan, Altsasuko gazteen alde “zarata ateratzeko” deia egin du Altsasukoak Aske Gasteiz plataformak: lau elkarretaratze ezberdin egongo dira.
Apirilaren 18an, Altsasuko gazteen aurkako hirugarren epaiketa egunean, manifestazioa egin dute Gasteizko Kanpuseko ikasleek, epaiketa salatzeko eta gazteei elkartasuna adierazteko. Manifestazioa hasi bezain laster, Ertzaintzak mobilizazioa eten du, gazteek baimenik ez zutela argudiatuz.
Tentsioak gora egin du eta Ertzaintza ikasleen aurka oldartu da. Poliziek, ikasleen aurka egin dute, manifestariak kolpatuz. Are gehiago, salatu dutenez, hauetako baten kamerari ere eraso egin diote eta hau kentzen saiatu dira.
Gutxienez, ikasle bat identifikatu dute bertaratutako ertzainek. Minutu batzuk beranduago, mehatxuak gaindituz, manifestazioak aurrera egin du. Behin ekitaldia amaituta, poliziek “segada” bat egin dietela salatu dute ikasleek, gazte gehiago identifikatuz.
Zarata ateratzeko deia
Altsasukoak Aske Gasteizek deituta, epaiketako lehenengo astean elkarretaratze zaratatsuak egingo dituzte Arabako hiriburuan:
- Apirilaren 19an: Europan, Faroloian eta Pepe Ubisen.
- Apirilaren 20an: Martxoak 3 plazan
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!