Ertzainek lau pertsona jarraitu eta jipoitu zituzten larunbatean Zigoitian, gazte asanbladak salatu duenez
Elkarretaratzea deitu dute jazarriei elkartasuna adierazi indar polizialen jarrera salatzeko, Bengolarran arratsaldeko 18:30etan.
Martxoaren 25ean, larunbata, Zigoitiako Gazte Asanbladak egun osoko jaialdia antolatu zuen: Basapizti eguna. Herritarrak eta gaztetzeak saretzeko dinamikak antolatu zituzten eta, besteak beste, gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko probestu zuten eguna, hilabeteak baitira hori eskatzen ari direla.
Egun osoan zehar, gazte asanbladak ohar batean salatu duenez, indar polizialen presentzia nabarmena izan zen herrian. Gauean, batez ere, “herritarrak jazartu eta jaialdia zapuztu nahian jokatu zuten”. Besteak beste, poliziek Bengolarrako parkinean zebilen jendea “probokatu” eta “haien indarra erakutsi nahian” jokatu zutela salatu dute gazteek.
Testuinguru horretan, poliziek herritar bat eta hiru gazte jarraitu eta jipoitu zituzten. “Boterea, inpunitatea eta autoritarsimoa” arbuiatu ditu Zigoitiako Gazte Asanbladak.
Hori guztia salatzeko eta jipoitu eta zigortuekin elkartasunez, gaur, apirilak 5, kontzentrazioa egingo dute Zigoitiako herritarrek Bengolarrako iskinan, 18:30etan. Gazte asanbladak deitu du elkarretaratzea eta atxikitu egin dira hainbat norbanako, Aske antolakundea, Ernai eta Barrabaskeri taldea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!