ERREPORTAJEA | Arabako sektore estrategikoak Gasteizen metatzen ari dira
Lurralde oreka sustatzea administrazio publiko ezberdinen helburua izan arren, Gasteizek Araban duen nagusitasuna inoizko handiena da egun. Horrez gain, gero eta trinkotuago daude Gasteizen etorkizunean estrategikoak izango diren sektore ekonomikoak, lehen sektorea salbu. Arabako egitura ekonomikoa egokitu behar da lehiakortasuna, neutraltasun klimatikoa, digitalizazioa eta erresilientzia areagotzeko, egitura hori izango baita arabarron biharko ongizatearen eta kohesio sozialaren zutabea.
Erreportaje honetan Arabako ekonomiaren ezaugarriak izango ditugu aztergai. Arabako BPGaren %72,6 Gasteizen sortzen da (2019), aurreko erreportajean adierazi bezala. Hari horretatik tiraka, zein proportzio hartzen du Gasteizek Arabako ekonomia sektore bakoitzean? Zeintzuk dira, sektoreka, identifikatutako eraldaketa nagusiak? Zer-nolako eragina dute horiek Araban? Jarraian, lurralde desoreka hobe ulertu ahal izateko xehetasunak aletuko ditugu.
Gasteizen daude balio erantsi handieneko zerbitzuak
Zerbitzuen sektorea da Araban ondasun gehien sortzen duena, ekonomia osoaren %64 biltzeraino (2020). Urtebete lehenago, osasun larrialdia hasi aurretik, proportzioa apalagoa zen, baina ez oso bestelakoa. Zerbitzuen artean pisu handiena dutenak barne kontsumoa asetzea helburu duten azpi-sektore tradizionalak dira, hau da: merkataritza, osasungintza, hezkuntza eta herri-administrazioa. Horiez gain, higiezinen jarduerak aparteko aipamena merezi du, Araban handizkako eta txikizkako merkataritzak batuta bezainbeste ondasun sortzen baitu ia; garraio sektorea ere handitzen ari da. Halaber, Araba zenbait digitalizazio eta berrikuntza prozesutan murgilduta dagoenez, 2008az geroztik ekonomian pisua hartzen ari diren zerbitzuak beste batzuk dira: jarduera juridikoak eta aholkularitzak, zerbitzu lagungarriak edota informatika. Izan ere, joera dago zerbitzuok —industria sektorekoak barne— kanporatzeko, eraldaketa prozesuetan nola edo hala murgildutako enpresen beharren espezializazio-maila asetzea baitute xede.
Arabako zerbitzu espezializatuak, dena den, Gasteizen metatzen dira. Arabako zerbitzuen sektore osoak sorturiko ondasunen %80,5 Gasteizetik dator eta proportzio hori handitu egiten da balio erantsi handieneko zerbitzuetan, hots honako hauetan: programazioa, aholkularitza eta informatika, telekomunikazioak, ikerketa eta garapena, ikus-entzunekoak eta argitalpenak edota administrazio jarduerak eta zerbitzu lagungarriak. Hain zuzen ere, horiek dira inbertsio gehien jaso eta enplegu gehien sortzen ari diren Arabako jarduera ekonomikoak (2019). Joera hori dela medio, 2008ko krisialdi ekonomikoaz geroztik Gasteizek Araban duen nagusitasuna areagotu egin da, egun inoizko handiena izateraino. Bien bitartean, nahiz eta azken urteotan zerbitzuek Arabako eskualde guztietan gora egin, hazkunde hori oso apala izan da Arabako Mendialdean, Gorbeialdean eta Añanan.
Arabako lurralde desoreka areagotzen dute inbertsioetan eta enpleguan hazten diren industria-sektoreek
Arabako industriaren errealitatean sakontzen hasi baino lehen, gogoan izan behar da ekonomia globala krisi sistemikoan murgilduta zegoela pandemiak dena zipriztindu aurretik: Washington eta Pekinen arteko merkataritza talka, Brexit-a edota, horrek guztiak eragindako ziurgabetasunaren ondorioz, eskari pribatua zein enpresa inbertsioak apaltzea. Munduaren izaera multipolarra berretsi besterik ez du egiten Ukrainan gertatzen ari den egungo talka militarrak, aspalditik ari baitzen mamitzen Ipar Atlantikoko Ituna osatzen duten herrialdeen eta Errusiaren artean —bide batez, Arabak Errusiarekin 90 milioi euroko esportazioak lotu zituen 2020 urtean. Talka honek behin-betiko lotu du iraganera mendebaldeko herrialdeak ardatz zituen mundu unipolarra. Zentzu horretan, transformazioek izaera globala dute, baina horien eragin sozioekonomikoak zeharo ezberdinak dira tokian toki. Araba eta Eurogunearen kasuan, pairatzen duten zentralitate galeragatik, argi dago galtzaileen artean daudela munduko ekonomian. Horren erakusle nagusia da2008 urtean Arabako industria sektoreak pisu handia metatzen zuela ekonomian (%35,6; EUSTAT) eta gaur egun ere, galdu arren, pisu esanguratsua duela (ekonomiaren%30, 2020).
Arabako ekonomiak nortasun industrial handia du 1960ko eta 1970eko hamarkadetan izandako eraldaketaz geroztik, baina ordutik produkzioak deslokalizatzerantz egin du eta balio-kate global berriak sortu dira. Aldaketaren eragile nagusia azken hiru hamarkadatako ekonomia globalaren logika da eta garraiorako energia merkeek ere lagundu dute. Ondorioz, Araban tradizionalki pisu handia izan duten jarduera ugariren gainbehera handia da, besteak beste: ehunen industria, janzkiak, larruaren eta oinetakoen industria, oinarrizko metalen eta produktu metalikoen fabrikazioa (makineria eta ekipoak salbu) eta kautxu produktu, plastiko eta metalikoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa. Horietako askoren kokaleku berria Asia da. Testuinguru horretan ulertu behar da Arabako industriak 2008 urtean lortutako ondasunek —3.695 milioi euro— goia jo izana. Ordutik, Arabako industria gorabidean da berriz ere, baina teknologia-maila handiagoko jarduera industrialak ez dira galdutakoen neurri berean hazi eta, gainera, lurralde desorekak hauspotu dituzte Araban.
Industriaren ahultze hori ez da homogeneoa izan eta Arabako Kantaurialdea kolpatu du batez ere, bereziki Amurrio. Laudio, Alegria-Dulantzi, Zigoitia, Artziniega edo Aramaiok ere industriaren galera esanguratsua nozitu dute. Gasteizek Arabako industria sektorean duen nagusitasuna —Araban fakturatutako ondasun guztien %59,2 biltzen du— beste sektore batzuetan baino apalagoa da. Hala ere, Arabako industriako zenbait jardueratan hiriburuaren nagusitasuna erabatekoa da, esate baterako: material eta ekipo elektrikoen fabrikazioan eta informatikako, elektronikako eta optikako produktuen fabrikazioan. Hau da, batik bat, enpleguan eta inbertsioetan gora egin duten teknologia-maila handieneko jardueretan. Era berean, esanguratsua da Araban garraio materialaren fabrikazioan Gasteizek duen nagusitasuna, Arabako sektorearen %84 biltzen baitu. Azken hamarkadan autogintzak hartu du pisu handia Gasteizen. Trakzio ekonomiko horren muinean daude Mercedes zein Michelin eta hain inpaktu handia dute, ezen bi enpresa horien gorabehera produktiboak Arabako ekonomian eragina izateraino iritsi baitira.
Lehen sektorea Arabar Errioxan eta Arabako Mendialdean
Azken mende erdian lehen sektoreak pisua galdu du Arabako ekonomian eta egun ekonomiaren zati txiki bat besterik ez du biltzen: %1,3 eta 1,8 artean. Iragan urteotan nekazal-lurrak eta enplegua gutxitu dira —aldiz, nekazal-ustiategien tamaina handitu da— eta belaunaldi ordezkapena arazo bilakatu da. Lanesku ordezkapena urria da, batetik, nekazal-lurrak pertsona gutxiagoen esku daudelako eta, bestetik, merkatuko prezioek beste sektore ekonomikoetan baino lan baldintza eta bizitza-aukera kaskarragoak ezartzen dituztelako. Zentzu horretan, lehen sektoreak muga handiak ditu aberastasuna sortu eta banatzeko, arabarron ogibideak aspaldi aldendu ziren eta naturatik.
Arabako lehen sektorea Europako Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) zuzentzen du 1986az geroztik eta azken hamarkadetan sektorearen espezializazioa eta errentagarritasuna handitzea izan du helburu nagusi. Nolanahi ere, NPBren diseinu berriak (2023/2027) baditu zenbait berritasun, adibidez: lurren laurdena ekoizpen ekologikora bideratzeko edota pestiziden erabilera erdira murrizteko asmoa. Gainera, lehentasunezkotzat jo du kalitatezko elikadura-kateak bultzatzea, laneskuari errenta duinak bermatzea eta biodibertsitatea eta ingurumena babestea. Azken finean, Europar Batasunak adierazi du aldaketa klimatikoari aurre egiteko lanabes bihurtu nahi duela lehen sektorea. Hala eta guztiz ere, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren testuinguruan, ikusteke dago Europar Batasunaknola uztartuko dituen, batetik, NPBren gidalerro berri horiek eta, bestetik, elikagai eta energia segurtasunerako premiak.
Arabak lehen sektorea indartzeko ezaugarri orografiko eta klimatiko egokiak ditu eta azken hamarkadetan sektorearen espezializazioa honakoak ekoiztera bideratu da: zerealak, oleaginosoak, lekadunak eta beste labore batzuk. Oso ohikoak bihurtu dira denak, Arabako Lautadan nabarmen. Ardogintzak ere, Arabar Errioxan nagusiki, hazkunde esanguratsua izan du. Lehen sektoreak Arabako ekonomiaren zati txikia biltzen du, baina Arabar Errioxan eta Arabako Mendialdean ekonomiaren %12,7 eta %11,4 barne biltzen du, hurrenez hurren. Arabar Errioxak soilik Arabako lehen sektorean sortutako ondasun guztien ia erdia (%49,2) metatzen du. Lehen sektorearen trakzio eragina bistakoa da bertan, non manufaktura industriaren jarduera nagusia ere mahastien bueltan ardazten den. Udalerri mailanlehen sektorearekin oso lotuta dago Iekora, Kripan, Bilar, Leza edo Navaridas bezalako herrien ekonomia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!