ERREPORTAJEA | Arabako kirol-jardueretako langileek kontzentrazioa egingo dute langileen aurkako jazarpena salatzeko, langile batek Disport Eki enpresako arduraduna salatu ostean
Duela aste batzuk zabaldu zen Gasteizko hainbat zerbitzu publiko kudeatzen dituen Disport Eki enpresako nagusiak urteetan zehar langileekiko bortxazko jarrerak izan dituela, irainak eta mehatxuak tarteko, joan den ekainaren 24an langile bati egindako eraso bortitzak "marra gorri guztiak" gainditu ostean. Salaketa jarri zaio arduradunari eta kontzentrazioa egingo dute langileek epaitegietan, langileen aurkako jazarpenaren publikoki salatzeko, horrelako kasuak normalizatu ez daitezen.
Joan den uztailaren 8an Arabako kirol-jardueren sektorean ordezkaritza duten sindikatuek sinatutako komunikatu bat zabaldu zuen sektoreko langileen plataformak. Komunikatu horretan jakitera eman zuten ekainaren 24an Arabako kirol-jardueren sektoreko enpresa handienetakoa den Disport Eki-ko arduradunak sorospen-zerbitzuko langile bat erasotu zuela bultza, irain eta mehatxu eginez. Azken eraso horren harira, publiko egin nahi izan zuten urteak direla arduradunak jarrera bortitzak, erantzun txarrak, tonu irteerak eta mehatxuak darabiltzala bere menpeko langileen aurka.
Disport Eki enpresa, Arabako sektoreko handienetako bat izateaz gain, hainbat zerbitzu publiko kudeatzeaz arduratzen da egun; besteak beste, Gasteizko udal igerilekuetan uretako sorospen eta botikin zerbitzua. Langileek uste dute Udalak ezin duela permisiboki jokatu langileekiko jazarpen kasuekiko, haren ardurapean dauden zerbitzuetan.
Ahozko erasoak eta lan baldintza urraketak denbora luzez
Hala Bedik jakin duenez, urte asko dira Disport Eki enpresako nagusiak “era guztietako mespretxu, irain eta bortxakeria” erabili dituela langileen aurka, eta baita kaleratzeak ere. Ez da arduradun horren aurka langileek epaiketak abiatzen dituzten lehen aldia.
Gainera, aurretik ere “tira-bira eta grebak” izan dira enpresa hau udaleko sorosle eta begirale zerbitzuen kargu izan denean.
Duela urtebete hasi zen Disport Eki sorosleen udal zerbitzua kudeatzen. Hasi orduko, langileen baldintzak kaltetzen zituen neurriak hartu zituen enpresak: egutegiak moldatu, lan zentroak aldatu eta lanaldiak murriztu zizkien langileei (sarrera-irteeretan 15 minutu laburtu zuten jardunaldia). Lanaldi murrizketaren ondorioz, langileek ez zuten ohiko jardunaldiarekin urtean egin beharreko gutxieneko ordu-kopurua betetzen eta, beraz, jai egunak izan behar zirenetan orduak errekuperatu beharra suposatu du hauentzat. Horrek, era berean, kaleratzeak eta murrizketak ekarri ditu, “ordu kopuru txikiagoa egonda sobera baitaude langileak”.
Izatez, zerbitzu publiko batean enpresa aldaketa ematen denean, subrogazioa eman behar da: langileek aurreko enpresarekin zituzten lan baldintza berberak mantendu behar dituzte. Ez zen horrela izan ordea, eta langile askok egutegiak “ez konforme” bezala sinatzea erabaki zuten. Enpresaren arduradunak “gogor jokatu zuen langile horien aurka”.
Testuinguru horretan, greba egin zuten Arabako kirol-jardueren sektorean 2020ko abuztuan eta irailean lan-baldintza duinak eskatzeko eta prezio-jaitsierak eragindako zerbitzuen kalitate tamalgarria salatzeko. (Orduan Gasteizko Udalaren jarrera salatu zuten, gatazka sortu eta konpromezuak ez betetzeagatik eta gaur egun, hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokan jarraitzen dute kirol-jardueretako langileek.)
Langileek salatu dutenez, grebaren ostean Disport Eki-ren burua “asko gogortu eta oldatu zen langileen aurka, bereziki aurreko grebetan parte hartu zutenen aurka: idatziz eginiko mehatxuak, irainak telefonoz, gainontzeko lankideei esandako gezurrak, txanda aldaketa debekatuak, erabateko kontrol bortitza, gaur egun arte jasaten ari garena da”.
Antolatutako langileen aurkako jazarpena
Sindikatuek, aipatzekoa da, parte ugari jarri dituzte lan ikuskaritzan, antolatutako langileekiko jazarpena bereziki larria omen da eta.
Adierazgarria da apirilean hauteskunde sindikaletarako deialdia egin ostean, maiatzaren 1ean enpresaren arduradunak komiteari idatziz komunikatu ziola langile bat kaleratzeko prozesua abiatuko zuela. Hala Bediri jakinarazi zaionez, langile hori “mahai negoziatzaileko partaide da 2020ko martxotik, aurreko enpresan ere delegatu sindikala izan zen, eta Disport Eki-k bazekien LABeko zerrendan joango zela hauteskunde sindikal hauetan. Oso argia da hauteskundeak deitu eta hurrengo astera, delegatu izatera aurkezten den langilea kaleratu nahi izatea”. Azkenean, ez zen gauzatu kaleratzea.
Azken eraso bortitza eta salaketa
Ekainaren amaieran langileekin izandako bilera batean enpresaburuak izandako jarrerak “marra gorri guztiak” gainditu zituela iritzita, salaketa publikoa egitea erabaki zuten uztailean.
Izan ere, ekainaren 24an egutegi berriak sinatzera deituak izan ziren langileak, “ez konforme” bezala sinatu zuten, eta Disport Eki-ko arduradunak ahozko erasoak bakarrik ez (irainka eta mehatxuka jardun zuen, egutegia apurtuz eta lurrera botaz), fisikoki ere oldartu zitzaion langile bati, bultzaka eta kolpeka. Langile hori da LAB sindikatuko ordezkaria eta negoziazio mahaiko kidea.
Esan bezala, sektorean ordezkaritza duten sindikatuek komunikatu bateratua egin zuten azken erasoa salatuz:
“Langileen eskubideak urratzea arbuiagarria da, baina edozein pertsonaren aurkako erasoak onartezinak eta jasanezinak dira. EKI DISPORTeko arduradunak marra guztiak gainditu dituela uste dugu. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok diogu honaino iritsi garela, eta ez dugula beste eraso bakar bat ere onartuko, fisikoa edo ahozkoa izan.”
Langileen aurkako jazarpenik ez
Gauzak horrela, jazarritako langileak salaketa jarri du eta uztailaren 28an, bihar, izango da epaiketa eta kontzentrazioa deitu da 12:00etan epaitegietan. Komunikatuaren zein salaketa publikoaren helburua argia da, langileek jakinarazi dutenez: horrelako jazarpen kasuak publikoki salatzea, arduradunen partetik jarrera horiek normalizatuak daudela ikusgarri egiteko eta langileekiko jazarpena behin betiko amaitu dadila exijitzeko.
Gainera, mahai gainean jarri nahi dute enpresa hau sektoreko handienetakoa dela eta udal zerbitzuak kudeatzen urteak daramatzan heinean, Udalaren ardura ere badela zerbitzu publikoetan horrelako jarrerak ez onartzea eta permisibitatez ez jokatzea.
Ez da Arabako kirol-jardueretako langileek Gasteizko Udalaren jarrera seinalatzen duten lehen aldia ere. 2020ko irailean, greba amaitutzat eman zenean, Gasteizko Udalaren jarrera salatu zuten: batetik, Udalak baldintza-agirietan aplikatutako murrizketengatik eta, bestetik, negoziazio kolektiboan gatazka sortu eta konpromezuak ez betetzeagatik.
Kontzentrazioa bihar izango da, uztailak 28, 12:00etan epaitegietan. Sektorean ordezkaritza duten sindikatuek sinatu dute deialdia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!