Errekaleor margotzeko auzolanera deitu dute uztailaren 23tik abuztuaren 3ra
Auzolanean parte hartzen dutenek Errekaleorren gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko aukera edukiko dute, baita auzoan lo egitekoa ere, espazio komun zein kanpin dendetan. Izena emateko auzolanaerrekaleor@riseup.net helbidera idazteko eskatu dute.
Aurten bost urte beteko ditu Errekaleor auzo askeak, eta urte guzti hauetan jarduera ezberdinak garatu dituzte auzoan, Gasteizko Udalak abandonatutako auzoa biziberritzen. Auzolana ardatz hartuta, auzoa margotzeko erronka jarri diete orain euren buruei.
Ez dute bakarrik egin nahi, ordea, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei: “Auzolanaren bidez lan egiteko erabakia hartu dugu, argi dugulako hau dela bizi nahi dugun eta gure proiektu politikoa aurrera eraman nahi dugun espazioa, autogestioan eta asanbladan oinarritzen dena”. Teilatuak, kornisak, kanaloiak eta fatxadak landuko dituzte, jakinarazi dutenez.
Uztailaren 23tik abuztuaren 3ra egingo dute auzolana, eta egun horietan guztietan auzoan gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko aukera egongo dela jakinarazi dute, baita bertan lo egiteko parada ere. Lan, sukalde eta zaintza txandak antolatuko dituzte, haurrak dituzten gurasoek ere parte hartzeko aukera izan dezaten.
Izena emateko auzolanaerrekaleor@riseup.net helbidera idazteko eskatu dute, baita materialarekin laguntzeko aukera izanez gero ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!