Errekaleor auzo askea, bost urte bizirik
Aste honetan sei urte bete dira Gasteizko ikasle talde batek Errekaleor auzoko 26. bloke hutsa bat berreskuratu zuenetik. 2013ko irailaren 3an 'Errekaleor Bizirik'-ek emandako lehen urrats horren ostean, sei urteko ibilbide oparoa izan du proiektuak, instituzioen trabak gaindituz, gaur egun irla energetikoa eta Europan okupatutako auzo handienetakoa dena.
Aste honetan bost urte bete dira Gasteizko ikasle talde batek Errekaleor auzoko 26. bloke hutsa bat berreskuratu zuenetik. 2013ko irailaren 3an ‘Errekaleor Bizirik’-ek emandako lehen urrats horren ostean, bost urteko ibilbide oparoa izan du proiektuak, instituzioen trabak gaindituz, gaur egun irla energetikoa eta Europan okupatutako auzo handienetakoa dena.
Errekaleor, “mundu hobe bat”?
Industrializazio prozesuaren ondorioz, 50. hamarkadan Gasteizko biztanleria bikoiztu zuten langileentzat eraikitako auzoa da Errekaleor. “Un Mundo Mejor” izendatu zuten hasiera batean, baina azkenik Errekaleor izena hartuko zuen, auzotik pasatzen den erreka lehorraren harira. Gasteizko periferian eraikia, hamarkada luzez bizirik izan zen auzoa, nortasun komunitario sendo batean oinarrituta.
XXI. mendeko hasieran hiriko hegoaldeak bizi zuen urbanizazio prozesuaren testuinguruan, instituzioek auzokideen lekualdatzea agindu zuten, auzoa hustu, eraitsi eta berreraikitzeko helburuarekin. Auzokide gehienek -ez guztiek- auzoa utzi behar izan zuten, baina urteak aurrera egin ahala, Errekaleor berreraikitzeko proiektua bertan behera geratu zen, Ensanche 21 bezalako erakunde urbanistikoen zein instituzio lokalen utzikeriaren ondorioz. Higiezinen burbuilaren leherketak egoera okertu zuen, Gasteizko etxebizitza hutsen kopuruak (10.000 baino gehiago) eta salmenta zein alokairuen prezioak gora egiten jarraitzen zuen bitartean.
Testuinguru honetan, 2013. urtean, EHUko Gasteizko kanpusean ikasten zuten ikasle gutxi batzuk asanbladan biltzen hasi ziren, ordaindu behar zituzten alokairu garestiei aurre egiteko asmoz. Orduan sortu zen ideia, abiapuntua: urte luzez abandonu egoeran izandako Errekaleor auzoko etxebizitza huts bat berreskuratzea, 26. blokea, hain zuzen ere.
Orduz geroztik etorri dena aski ezaguna da, eta itsaso bihurtuz joan da Errekaleorreko erreka lehorra. Etxebizitza bat lortzeko helburu xumearekin, isilpean, lehenengo bloke hura berreskuratu zuten 10 gazte horien ostean, jatorri oso ezberdinetako ehundaka lagun pasa dira auzotik, etxebizitza gehiago berreskuratuz eta hamaika proiektu ezberdin martxan jarriz.
Erreka lehorra itsaso bihurtuz: lehen urratsak irudietan
Instituzioen erasoak hasi zirenetik, hedabideen agendara salto egin zuen Errekaleor auzoak, eta ordutik aurrera, ezagunagoak dira auzoa bera eta baita auzoan gertatutakoak ere. Baina oraindik ere, auzoa berreskuratzen hasi ziren gazte zoro horien istorioa ez da hain ezaguna. Jarraian, ‘Errekaleor Bizirik’-en lehenengo urtetako ibilbidea ezagutzeko bideo batzuk ekarriko ditugu gogora:
Erreka lehorra itsaso bihurtu – GazteIraultza (2013)
Bidelapurrak: lehenengo kontzertua auzoan
#ErrekaleorBizirik | El barrio en el Teleberri de ETB2 (2014)
Errekaleor / La Chapola Sin Censura (2014)
Lehenengo erasoak auzo askearen kontra
Errekaleor Bizirik proiektuak indarra lortzen jarraitzen zuen bitartean, hedabideen presioa zein instituzioen jazarpena areagotu zen. Alderdi Popularreko Javier Marotoren alkatetzaren azken txanpan, 2015eko martxoaren 31n, auzoko argindarra mozteko lehen ahalegina eman zen, karga polizialen artean.
Hiru hilabete geroago, ekainean, Marotoren diskurtso xenofoboak eragindako oposizioak udal gobernuaren aldaketa eragin zuen, EAJko Gorka Urtaran alkate bihurtuz. Ordura arte Urtaranek Errekaleorrekiko jarrera lausoago bat mantendu bazuen ere, autogestionatutako proiektu honen kontrako lehen mugarria jarrita zegoen, gerora jeltzaleek ere mantendu duten posizioaren aurrerapen gisa. Bitartean, Errekaleor Auzo Askeak bere II. urteurrena ospatzen zuen 2015eko irailean:
2016. urtean zehar, Gorka Urtaran alkate berriak jarrera aldaketa argia izan zuen Errekaleorrekiko, eta gaur arte auzokideen kontra mantendu duen tentsioari hasiera eman zion orduan. Hala Bedi irratian eskeinitako elkarrizketa batean, “Errekaleorren ezin da bizi” esan zuen Urtaranek. Errekaleor Bizirik-ek bideo baten bitartez emandako erantzunak oihartzun handia lortu zuen:
Errekaleorreko aferak hedabideen agendan tarte gero eta handiagoa hartuz zihoan, auzokide berriak iristen jarraitzen ziren bitartean. Aldi berean, auzolana eta komunitatea sendotzen zituzten proiektu berriak loratuz joan ziren auzoan: baratza, gaztetxea, okindegia, inprenta, liburutegia, frontoia, zinema… Gainera, herri mugimenduen zein mundu osoko artista ezberdinen bozgorailu bihurtu dira auzoko paretak eta muralak. Egoera hau ondo islatzen zituzten erreportaje interesgarriak argitaratu ziren 2016. urtean zehar, besteak beste: ‘Errekaleor: Barrio Okupa’ [VICE] edo ‘Errekaleor, okupaziotik auzo askera’ [Topatu].
Gorka Urtaran alkatearen eta udal gobernuaren erasoen aurrean, negoziaziorako aukera zabalik utzi zuen Errekaleor Bizirik-ek 2016ko abenduan, ehun auzokidek baino gehiagok eskeinitako indar erakustaldi baten bitartez. Agerraldi hartan, udal gobernuaren diskurtso aldaketa eta auzokideen kontrako jazarpena gogor salatu zuten:
Baina elkarrizketarako eskaintzak ez zuen erantzun baikorrik jaso instituzioen aldetik. 2017ko maiatzaren 18an, Errekaleorrek jasandako kolperik gogorrena etorri zen: Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren aginduz, Errekaleor auzoko argindarra moztu zuen Iberdrolak. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien auzokideei, eta bertakoek, erresistentzia baketsua erabili zuten erasoa saihesteko, baina argi mozketa bururaino eraman ahal izan zuen Iberdrolak.
Ekainaren 3an, milaka pertsona bildu ziren Gasteizko kaleetan Errekaleor defendatzeko, hiriko historiaren parte bihurtu den mobilizazio erraldoi batean jaia eta aldarrikapena uztartuz. Bertan, etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko estrategia aurkeztu zuen Errekaleor Bizirik-ek: crowfunding baten bitartez, 100.000€ lortu eta auzoaren burujabetza energetikoa bermatzea, Errekaleor irla energetiko bat izateko.
Errekaleor, herri mugimenduak argitutako irla
Aski ezaguna da argi mozketaren ostean etorri dena: zailtasun ikaragarriak auzokideentzat, bai, baina baita elkartasun uholde erraldoi bat ere. Gogorra izan da, baina Errekaleor Bizirik-ek bataila hura irabazi zuen. Azkenik, erasotik urtebete igaro zenean, elkartasunak, erresistentziak eta auzolanak emandako fruitua aurkeztu zuten: herri mugimenduak argitutako irla bat. Izan ere, energetikoki burujabea da Errekaleor gaur egun, 270 eguzki plakek lortutako ekoizpenari esker; eta noski, baita kontsumo energetikoa murriztuz. Auzoa hil nahi zuten, baina “bizitza hautatu genuen”, argi adierazi zuten bideo honen bitartez:
Eta zer esan etorkizunari buruz? Hamaika erronka badituzte aurretik Errekaleorreko auzokide zoro hauek. Badira ere zalantza asko airean, besteak beste, 2019ko udal hauteskundeen aurretik zein ostean, instituzioek jokatuko duten papera.
Bost urte pasa dira hamar gaztek Errekaleorreko 26. blokea berreskuratu zutenetik, eta orduan imajinaezina zen horrek eragin duen guztia. Eta imajinaezinak ziren auzoan loratu diren proiektu guztiak. Baina imajinatu ezin zuten guzti hori egi bihurtu da bost urte eskas hauetan. Hortaz, ez da zaila imajinatzea Errekaleorren loratu daitekeen etorkizuna, utopiaren bila, garapen eta bilakaera etengabe batean.
Bitartean, norabide honetan lehenengo geltoki bat izango du Errekaleor Bizirik-ek datorren hilean. Izan ere, Gasteizko herri mugimenduaren zutabe diren beste hiru kolektiborekin batera ospatuko du bere urtemuga borobila. Hala Bedi irrati libreak 35 urte, Gasteizko Gaztetxeak 30 urte eta Auzolana Pilotalekuak 10 urte betetzen dituzte, eta Errekaleorrekin batera OkupaTU Gasteiz Eguna antolatu dute urriaren 6an, kolektibo hauen bideak batzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!