Errekabarriko familiak ikastetxe berrian hasteko prest daude, lanak amaitu barik egonda ere
Jaurlaritzak jakinarazi die atzerapenez doazela obrak eta irailaren 9rako ez direla amaituta egongo.
Gasteizko Errekabarri Eguzki Ikasleen Guraso Elkarteak familiek bizi duten “egoera jasanezina” salatu dute; izan ere, Jaurlaritzak jakinarazi berri dielako datorren ikasturtean ere ikastetxera berrira etortzea kolokan egon daitekeela: “Ez digute urtarrilean Salburura etortzeko inongo bermerik ematen”, arbuiatu dute gaur goizean ikastetxe parean egindako prentsaurreko batean. Horrekin lotuta, gogorarazi dute EAJk agindutakoaren arabera, 2016/17 ikasturterako egon behar zuela Errekabarri ikastetxe berria amaituta.
Azken hilabeteotan behin baino gehiagotan salatu izan dituzte atzerapenak, “Blanca Guerrerok ukatu” izan dituenak. Baina, orain berretsi diete “aurreikuspen kaskarrenak ere motz” geratu direla, irailerako obrak bukatu gabe egongo omen direlako. Horren harira, honakoa nabarmendu dute: “Data hori ere atzerapen bat zen duela hilabete batzuk agindutakoarekiko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak Udalari eman beharko dio eraikina eta horrek argia, gasa.. altan eman beharko ditu. Honek are atzerapen gehiago sortuko ditu”, adierazi dute kezkatuta familiek.
Mobilizazio gehiago
Egoera horren aurrean, “aukera bakarra” aurreikusten dute: 2019/20 ikasturtea ikastetxe berrian hastea: “Irailaren 9an Salburuko ikastetxera etorriko gara. Dagoena dagoela”, ohartarazi dute. Gaineratu dute bitartean, “etengabeko mobilizazioekin” jarraituko dutela.
Bestalde, “elkartasun osoa” helarazi nahi izan diete Alaialdeko familiei: “Zabalganeko familiak jasaten ari diren egoera, guk pairatutakoaren parekoa da”, arbuiatu dute.
Blanca Guerreroren dimisioa
Amaitu aurretik, Blanca Guerreroren dimisioa eskatu dute, Araban EAJk hezkuntza politikan duen arduradun politiko nagusia eta Hezkuntza sailaren ordezkaria delako. Eta administrazio ezberdinei “gogoeta sakona” egiten dezatela eskatu die guraso elkarteak, “horrelakorik berriro gertatu ez dadin”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!